Azul, Argentina. GureTxokoko kide den Cynthia Uberuaga andereñoak gonbidaturik, euskal immigrazioaz eta batez ere panpa argentinarrera iritsi zen euskal inmigrazioaz hitz egin zien Isabel Bidegain Elortegui irakasleak Azulgo 62. Zenbakiko Eskolako 3. urratseko ikasleei. Klasea honako galdera hauek erantzutean oinarritu zen: “Zer da euskalduna izatea?”, “Nondik eta zergatik etorri ziren euskaldunak?”, “Nola moldatu ziren herrialde berrira?”. Euskal jatorrizko jendeak Argentinari egindako ekarpenaz ere mintzatu zen irakaslea. Euskal Herriaren kokapen geografikoa eta euskarazko hitz batzuk ere ikasi zituzten neska-mutilek.
Bestalde, Gure Txokoa-ko lagunek jakinarazi dute joan den igandean egindako bazkaria zinez arrakastatsua izan zela eta esker beroak luzatu nahi dizkiete Isabel, Hilda, Horacio, Sonia eta Elisa bazkideei, sukaldeaz arduratzeagatik (argazkiak, hemen).
Ohiko Biltzar Orokorra ere iragarri dute euskal-azuldarrek. Bilera ekainaren 28an izango da, iluntzeko 7etan, eta 2018ko balantzea onartu eta gero Zuzendaritza Batzordea berrituko dute.