euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azulgo Gure Txokoak bere 31 urteak agape batez ospatu du eta ikerketa aurkeztuz euskal zaporeen identitate legatuaz

2024/12/30

Ezk esk.: 'La Pulpería' aretoaren ikuspegia. ‘Zaporeak eta Identitatea. Euskal ondarea’-ren aleak eta errezeten koadernoa. 31. urteurrenaren ospakizuna E. Etxearen egoitzan. Talde hedatzailea  proiektuaren kolaboratzaileekin batera Museoko atarian
Ezk esk.: 'La Pulpería' aretoaren ikuspegia. ‘Zaporeak eta Identitatea. Euskal ondarea’-ren aleak eta errezeten koadernoa. 31. urteurrenaren ospakizuna E. Etxearen egoitzan. Talde hedatzailea proiektuaren kolaboratzaileekin batera Museoko atarian

PUBLIZITATEA

Azul, Argentina. Programa berezia burutu du joan den asteburuan Azulgo Gure Txokoak bere 31. urteurrena ospatzearren. Euskal Etxeak "Enrique Squirru" Museo Etnografikoan larunbatean, abenduaren 28an, biltzeko gonbitea luzatu zien bazkide eta lagunei. Bertan Gure Txokoa lankide, Azulgo Agronomia Fakultateko Hedapen Proiektuak gauzatutako "El legado vasco" argitalpena aurkezteko ekitaldia egin zen, ale batzuk ere banatuz. Ondotik, elkartearen egoitzara abiatu eta agape bat partekatu zuten, orain arteko ibilbidea gogoan datozen urteen alde topa eginez. Igande gauean, Katedralean, esker oneko meza batek ospakizunei eta aurtengo jarduerei eman zien akabera.

Sabores e Identidad. El legado vasco’ (Zaporeak eta Identitatea. Euskal legatua) lanaren aurkezpena ‘Enrique Squirru’ Museoko ‘La Pulpería’ aretoan egin zen. Aldizkari formatuko argitalpena da, 46 orrialdekoa, testigantza, ilustrazio, familiako argazki eta errezeta batzuen biltzaile. Hitzaurrean aitortzen du helburu "Buenos Aires probintziako erdigunean dagoen Azulgo euskal gizataldearen elikadura-tradizioak berbaliotzea, sistematizatzea eta erregistratzea, komunitate horrek jakintza enpirikotzat jotzen duen memoria kolektiboaren zati bat berreskuratuz, ondare gastronomiko kultural eklektikoa osatzen baitute. Onartuz ez dela soilik batzuek lortu eta beste batzuei transmititutakoa, ez baitiegu gure ondorengoei aurreko belaunaldietatik jasotasko gauza bera transmititzen. Batzuen eta besteen artean, gaur egungo belaunaldiak eta baloreak daude”.

Hitzari hartu zutenei dagokienez, Gure Txokoko diruzain Horacio Aguilarrek, lana egin duen Azulgo Agronomia Fakultateko (UNICEN) diziplina anitzeko hedapen-taldea eta bertako hiru kideak aipatu zituen, esan nahi baita Sandra Adam Antropologia lizentziatua, Elikagaien Teknologiako lizentziatuak diren Maite Salsamendi eta Carolina Fittipaldi, eta María Marcela Brescia nutrizionistak. Sandra Adamek, taldekide izateaz gain “Enrique Squirru” Museo Etnografiko eta Artxibo Historikoko zuzendaria denak, proiektuaren zentzu antropologikoa gogoratuz hasi zuen aurkezpena, ohituren transmisioa, bizipenak, Euskal Herritik lurralde hauetara etorritakoentzat bizitzako alderdi guztietan gertatutako "mestizajea" aipatuz. Halaber, lekukotasunen bilgarri erabili duten jatorrizko koadernoa erakutsi zuen. María Marcela Brescia euskal sukaldaritzaren nutrizio-alderdiez aritu zen eta Carolina Fittipaldik 'sor-marka'ren gaia jorratu zuen. Taldeko kide eta, besteak beste EEko euskara irakasle ere baden Maite Salsamendik ezin izan zuen bertaratu, osasun gai bat tarteko. Ekitaldia amaitutakoak ale bana eman zitzaien liburuari ekarpena egindako pertsonei.

 
Ezker-eskuin Azulgo Agronomia Fakultateko dekanorde Ana María Piazza, Sandra Adam, Carolina Fittipaldi eta María Marcela Brescia. Horacio Aguilar, Gure Txokoko diruzaina, aurkezle. Argazkian Maite Salsamendi falta.

Azulgo Gure Txokoaren 31. urteurrena

Azulgo Gure Txokoaren 31. urteurrena ospatzeko, ondoren egindako elkarretaratzea xume baina bihotzezkoa izan zen. Maria Ines Etchevers Aizpiri lehendakariak ongietorria eman zuen, bertaratutakoek euskal kantak abestu, eta guztiek brindis tradizionala egin zuten."Oso urte positiboa izan da beste gizatalde batzuekin izan dugun harremanari dagokionez; duela urtebete sortutako Azulgo Gizataldeen Batasuneko partaide gara, eta Azulgo gizartearentzat esanguratsuak diren ekitaldi askotara gonbidatu gaituzte. Bestalde, egoitza propiorik ez izateak ziurgabezia ekarri digu, gaur egungo egoitza tupustean utzi behar izatea mehatxua baita lokala saltzen baldin badute. Edonola ere, egungo jarduera guztiekin jarraitzeko asmoa dugu, behin betiko egoitza baten bila segitzearekin batera", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Gure Txokoko erreferente Maria Ines Etchevers-ek.

Zorionak Gure Txokoa! 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia