euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azulgo Gure Txokoa-ko euskara ikasleek patxarana egin dute eta euskaraz kontatu digute bideoz

2017/06/16

Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxeko ikasleek egindako etxeko patxarana
Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxeko ikasleek egindako etxeko patxarana

PUBLIZITATEA

Ideia joan den urteko Euskararen Egunerako ekintza bezala sortu zen: Gure Txokoa Euskal Etxeko euskara ikasleek bideo bat prestatu zuten ospakizunerako, etxean patxarana nola egiten den euskaraz azalduz. Beharrezko urratsak emanda, denbora pasatu da eta abenduan hasitako prozesuaren amaieran, patxarana egin dute eta dastagai dago. Kutsu argentinarrekoa atera zaien euskal edari tipikoa nola geratu zaien kontatu digute ikasleek.

Azul, Argentina. Euskal Herrian ospatzen diren jaiak Argentinan ere ospatzen dira euskal etxeen eskutik. Euskara ikasleei gehien gustatzen zaienetako bat Euskararen Eguna da, abenduaren 3an, eta horren inguruan ekitaldi bereziak antolatzen saiatzen dira abenduro, ikaskide eta lagunekin konpartitzeko.

Iazko festarako, ekimen polit bati ekin zioten Azulgo Euskal Etxeko ikasleek, Elisabeth Echegaray irakaslearen eskutik. ‘Nola prestatzen da etxeko patxarana Argentinan?’ izenburuko bideoa filmatu zuen taldeak, euskara hutsean, eta urtean zehar ikasitako hizkuntza gaiak erabiliz. Elisabethek azaldu digunez, “bideoan ikasleak ikusten dira etxeko patxarana prestatzen. Badakigu basaranak direla osagairik nagusiena baina hemen basaranik ez dagoenez, ahabiekin prestatu zuten. Hori izan zen lanaren lehenengo zatia”.

Sei hilabete igaro ondoren, patxarana prest dago eta lehenengo dastaketa egiteko Zuzendaritza Batzordeko kideak, dantzariak eta abesbatzako lagunak gonbidatu zituzten euskara ikasleek. “Joan den ostiralean topaketa bat egin genuen patxarana dastatzeko. Bertan bigarren bideotxoa egin genuen. Ekintza osatzeko, pintxo mota desberdinak eta neguan gaudenez, porrusalda prestatzea bururatu zitzaigun, partekatzeko. Afalostean, gure etxeko patxaran bereziarekin topa egin genuen! Goxo-goxo zegoen!”, kontatu digu harro eta kontent irakasleak.


[Ikasleen lehenengo bideoa, Etxeko patxarana prestatzen]


[Ikasleen bigarren bideoa, Topa etxeko patxaranarekin!]

Ekintza honen arrakastak bultzaturik, Euskal Herriko ez ezik, Argentinako jaiak ere jarraituko ditu ospatzen Gure Txokoak; ekainaren 20an, Bandera Argentinarraren Egunean, Tripakiak Bizkaiko erara prestatuko dituzte saltzeko; uztailaren 7an, ordea, euskal egutegiko santu bat omenduko dute: San Fermin afaria ‘El Patio’ izeneko aretoan izango da, gaueko 9etan, eta txartelak $450 balio ditu. Erreserbak Centro Basko Azuleño Gure Txokoa Euskal Etxearen Facebook-en egin daitezke.

Batzorde berria

Maiatzaren 26an egin zuen bere Ohiko Biltzar Orokorra Azul euskal instituzioak Zuzendaritza Batzordea berritzeko. 2017-2018 epean, Maria Ines Etchevers Aizpiri buru duen talde honek zuzenduko Euskal Etxea:

-Lehendakaria: Maria Ines Etchevers Aizpiri
-Lehendakariordea: Alicia Nélida Barbería

-Idazkaria: María del Rosario Barberena

-Diruzain: Sonia Beatriz Latasa
-Diruzainorde: María Isabel Bidegain

-Batzordekide titularrak: Corina Alicia Cirone, Silvia Susana Iceta, Hilda Graciana Zubeldia
-Batzordekide ordezkoak: Sara Elena Aristu, Elisa Del Curto Ibarbide, Eduardo Pedro Cinqualbres

-Kontu ikuskatzaile titularrak: Alfredo Antonio Dussio, Elisabet Diana Etchegaray
-Kontu ikuskatzaile ordezkoak: Rosa Boggi Garciarena



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia