euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azulgo Euskal Etxeak egoitza berria estreinatu du; igandean Aberri Eguneko bazkaria egingo dute bertan

2009/04/22

Azulgo Euskal Etxearen egoitza berria
Azulgo Euskal Etxearen egoitza berria

PUBLIZITATEA

Joan den urrian Gure Txokoa elkarteko euskaldunak egoitza berri batera aldatu ziren. Aldatzearen buruhauste txikiak eta oporrak direla medio, hil honetan bertan jarri dituzte abian ekintzak egoitza berrian. Jarduerak euskal etxeko zein komunitateko kideei irekiak dira eta badago zer aukeratu: abesbatza, euskara eskolak eta dantza klaseak, eta urtean zehar egingo diren hitzaldiak, erakusketak eta hainbat topaketa. Hasteko, igande honetan Aberri Eguna ospatzeko bazkari bat eta jolasak egingo dituzte etxeko aretoan.

Azul, Argentina. Azulgo euskaldunen egoitza berria Yrigoyen kaleko 926. zenbakian dago eta elkarteko kideak oso pozik agertzen dira aldaketarekin. “Etxe hau bestea baino erosogoa da; gainera oso ondo kokatuta dago”, azaldu diote zuzendaritza batzordetik EuskalKultura.com-i.

Ekintzak ere dagoeneko hasiak dira Gure Txokoan. Abesbatza ostiraletan elkartzen da gaueko 8etatik 10etara; dantza klaseei dagokienez, txikiek astearteetan eta ostegunetan iluntzeko 6etatik 7:30etara entseatzen dute; helduek, berriz, ostegunetan 8etatik 9:30etara. Euskara ikasteko ere bi talde daude. Bigarren urratseko ikasleak asteazkenetan eta ostiraletan iluntzeko 6etatik 7:30etara joaten dira eskoletara eta hasi berriak, aurten hasi direnak, 7:30etatik 9etara.

Aberri Eguneko bazkaria

Bestalde, joan den apirilaren 9an eta Aberri Eguna oroitzeko, Azulgo euskaldunek meza berezi bat eskaini zuten. Meza horretan herriko euskaldunak eta joan diren euskal etxeko kideak gogoan izan zituzten. Euskal Herrian eta Diasporan garrantzi handia duen Aberri Egunaren ospakizunekin jarraituz, igande honetan bazkaria prestatuko dute Yrigoyen kaleko etxe berrian, eta arratsaldean jolasak egingo dituzte bertako aretoan.

Datorren hilean, berriz, San Martin zine-areto ohian, ‘Euskadi Hoy’ argazki erakusketa eskainiko zaio komunitate osoari. Informazio gehiago eskuratzeko, telefono zenbaki berria 02281-435489 da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia