euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxeak 20 urte beteko ditu aurten eta ekintza andana batekin ospatuko du

2013/02/14

Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxearen lehendakaria den Jose Maria Iceta (argazkia Azulgo El Tiempo egunkaria)
Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxearen lehendakaria den Jose Maria Iceta (argazkia Azulgo El Tiempo egunkaria)

PUBLIZITATEA

Programa oparoa eskainiko dio 2013 honetan Buenos Aires probintziako Azul hiriko euskal etxeak bere komunitateari erakundearen 20. urtemugaren baitan. Aktibitateak martxoan hasiko dira instituzioaren egoitzan eta urtero garatzen direnez gain, ekitaldi bereziak antolatuko dituzte. Beste ekintza batzuen artean behar da hor aipatu ‘Erandioko Bazterrak’ argazki erakusketa eta euskal kulturari buruzko ikastaro berezi bat. Urtebetetze jaia, berriz, abenduaren 28an izango da, etxearen sorreraren egun berean.

Azul, Argentina. Udako oporraldia laster bukatuko da eta Argentinako euskal etxeak hasiak dira euren urte osoko egitaraua osatzen. Azulgo Gure Txokoaren kasuan, 2013ko plangintza jakinarazteaz gain, bere 20. urtemugako ekitaldietan parte hartzeko gonbitea luzatu diote oro har Argentinako euskal gizataldeari. Izan ere, abenduaren 28an da elkartearen urtebetetze eguna eta 28an bertan ospatuko dute lagunak oro gonbidatuta dauden jai berezi batekin.

Baina abendura iristeko puxkat falta denez, tartean dauzkagun hilabete hauetarako hamaika proposamen prestatu ditu euskal etxeak. Hasteko, otsailaren 25ean hasiko da ikastaroetan parte hartzeko izena emateko epea. Euskara eskolak Elizabet Etchegaray irakaslearen ardurapean egongo dira; abesbatza, Avir Gonzalesen ardurapean, eta puntu eta kakorratz klaseak, Graciela Latesa eta Ana Quiros irakasleenean, hurrenez Hurren. “Ikastaroak gure egoitzan egiten dira, arratsaldeko 6:30etatik 8:30etara. Bestalde, adierazi nahi dugu gure instalazioak erabiltzeko moduan daudela bertan bestelako kultur ekintzak garatu nahi dituztenentzat”, azaldu dio Silvia Iceta euskal etxeko kideak EuskalKultura.com-i.

Martxotik aurrera

Hileroko bazkari eta afariei dagokienez, aurtengo lehendabiziko topaketa martxoaren 15ean izango da, iluntze aldera. Urtero bezala, Aberri Eguna, Ikurrin Eguna eta Sanferminak ospatuko dira eta aurten, nobedade gisa, Lapridako euskal etxearen eskutik etorri den ‘Erandioko Bazterrak’ izeneko erakusketa egongo da ikusgai Azulgo euskal etxean. Argazki bilduma apirilaren 6tik 21ra bitartean ikusi ahal izango da Gure Txokoan. Apirilean ere, 26an hain zuzen, eta Gernikako Bonbardaketa gogoan, film bat eskainiko da eta etxeko arduradunek herriko Sarmiento parkean dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren kimu bat landatuko dute Immigranteen Plazan.

Maiatzaren 4an, ostera, euskal etxeko agintariak berritzeko bilera egingo da eta hilabete horretan ere euskarak eta euskaldunek tangoan izan duten presentziari buruzko hitzaldi bat eskainiko du Miguel Visiconti adituak Gure Txokoan. Abuzturako, pilota txapelketa antolatu nahi dute Azulgo euskal komunitateko ordezkariek eta urtea amaitu aurretik Mariana Fernandez Castelliren bisita jasoko dute; hiriburu federaleko Eusketxeko partaide eta historian adituak, euskal kulturari buruzko ikastaro bat emango die Gure Txokoako lagunei.

Bistan da mugimendu handiko urtea biziko dutela Azulgo Gure Txokoako kideek. Kari horretara murgilduta daude jadanik prestaketa eta antolaketan. Horren harira, eta indarrak batzeko asmotan, bazkide guztiak eta bereziki aurreko zuzendaritza batzordeetako kide izan zirenak gonbidatzen dituzte programa ondo baino hobeto burutu ahal izateko. Zatoz zeu ere!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia