Gaur zortzi hasiko da uztaila eta diasporako euskal erakundeak ere hasiak dira San Fermin jaiak antolatzen. Azulgo Gure Txokoak 7an bertan egingo du ospakizuna eta komunitate osoari luzatu dio festan parte hartzeko gonbitea. Bide batez, 2016ko Global Teacher Prize saria jasotzeko hautagai geratu zen Graciana Goicoechandiak Gure Txokoa bisitatuko du bihar. Irakaslea bere lanaz eta Saria dela eta azken hilabeteotan bizi izandakoaz mintzatuko da.
Azul, Argentina. Bihar larunbata, ekainaren 25a, hitzaldia eskainiko du Graciana Goicoechandiak Azulgo Gure Txokoan. Las Floreseko Loretako Euskaldunak Euskal Etxeko lehendakaria ere izan zen irakasleak bi gai jorratuko ditu: alde batetik irakaskuntzaren arloan, informatika nola irakatsi eta teknologia berriak nola erabili; bestetik, aurtengo Global Teacher Prize saria jasotzeko hautagai geratzeagatik Dubaira egindako bidaia eta bertan mundu osoko beste 50 irakaslerekin izandako esperientziak. Argazkiak ere erakutsiko ditu Goicoechandiak bere hitzaldia osatzeko.
Hitzordua arratsaldeko 6etan da, Euskal Etxearen egoitzan, Irigoyen kaleko 926. zenbakian. Sarrera libre eta doakoa da eta hitzaldia bukatutakoan, otordu bat eskainiko da.
San Fermin
Uztailari begira, San Fermin jaia ospatuko du Gure Txokoak San Fermin egunean bertan, uztailaren 7an. Ospakizuna iluntzeko 7etan hasiko da, hiriko Katedralean egingo den esker-emate meza batekin.
Horren ostean, gaueko 9:30etan, San Fermin afaria egingo da Gran Hotel Azul hoteleko areto gorrian. Afalostean euskal dantza ikuskizunaz gozatu ahal izango dute gonbidatuek. Txartelak 350 peso balio ditu, sarrera, plater nagusia, postrea eta goxokiak barne. Erreserbak egiteko kontaktatu Facebook bidez Zuzendaritza Batzordearekin, uztailaren 4ra arte.
Batzorde berria
Maiatzaren 28an Urteroko Ohiko Batzarra burutu zuen Azulgo Gure Txokoak Zuzendaritza Batzordea berritze aldera. Batzorde berria honelaxe geratu da:
- Lehendakaria: Silvia Susana Iceta
- Lehendakariordea: Margarita Galarza
- Idazkaria: Maria Ines Etchevers Aizpiri
- Diruzaina: Sonia Latasa
- Diruzainordea: Jose Maria Iceta
- Batzordekide Titularrak: Alicia Barberia, Hilda Zubeldia, Maria Angelica Amescua
- Batzordekide Ordezkoak: Sara Aristu, Corina Cirone, Eduardo Cinqualbres
- Kontu ikuskatzaile titularrak: Elizabet Etchegaray, Maria Isabel Bidegain
- Kontu Ikuskatzaile ordezkoa: Rosa Boggi