euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azkeneko bere jardueren berri eman digu 93 urte bete dituen Comodoro Rivadaviako Euskal Etxeak

2016/06/03

Comodoro Rivadaviako Euskal Echea Elkarteko dantzari eta kideak Sara Pagolarekin
Comodoro Rivadaviako Euskal Echea Elkarteko dantzari eta kideak Sara Pagolarekin

PUBLIZITATEA

Une gozoak bizi izan ditu Patagonia argentinarreko Comodoro Rivadaviako Euskal Etxeak azken asteetan. Izan ere, hiriarentzat garrantzi handia duten bi ekimenetan hartu du parte, abesbatza eta dantzariekin. Maiatzean, gainera, 93 urte bete eta ospatu egin zuen, lagun arteko bazkari batekin. Aktibitate hauetaz gain, Sara Pagola ordezkariaren bisita izan zuten comodorotarrek. “Oso euskal etxe aktiboa, eta gazte askorekin, aurkitu nuen Comodoron”, aitortu dio Pagolak EuskalKultura.com-i.

Comodoro Rivadavia, Argentina. Probintzia osoko kultur erreferentea den Comodoro Rivadavia-ko Teatro Español Antzokiak 82 urte ospatu zituen Maiatzaren 24an. Urtebetetzea komunitatearekin konpartitzeko ikuskizun berezi bat aurkeztu zuen Antzokiak, hiriko hainbat artista partaide. Dantza eta musika errezitala, ‘Los Miserables’ taldearen esku egon zen, publikoak harrera ezin hobea emanez. Comodoroko Euskal Echea Elkartea ere, ez zen jai horretatik kanpo geratu eta, antolatzaileek gonbidaturik, talde horretako kideekin aritu ziren euskal dantzari eta abeslariak taula gainean.

Euskal Etxeko ‘Lagun Artean’ abesbatzako kide den Dora Huichek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “‘Los Miserables’ taldearekin batera ‘Amistad Sur’ Multzo Lirikoak ere abestu zuen ikuskizunean eta talde honen zuzendaria den Roberto Flores irakasleak gonbidatu gintuen beraiekin kantatzera. Ohore handia izan zen ‘Lagun Artean’ abesbatzarentzat hau bezalako ikuskizun batean parte hartu ahal izatea. Gainera, Etxeko dantzari batzuek ere lagundu ziguten”, azpimarratu digu Huichek.

Biharamunean, eta komunitateri begira antolatutako beste ekitaldi batean, Maiatzaren 25eko Tedeum-ean, euskal gizataldearen ordezkari aritu ziren Euskal Echea Elkarteko lagunak. Urtero bezala, Udal agintariak, erakunde zibiletako ordezkariak eta kolektibitateak bildu ziren zeremoniara.

Euskal Etxearen urteurrena

Maiatzean ere, 93 urte bete ditu Patagonia argentinarreko zaharrena den Comodoro Rivadaviako Euskal Echea Elkarteak. Kari horretara, 22an, igandean, lagunentzako bazkari bat antolatu zuen erakundeak. Menua, ohi eta maite dutena: pintxoak, tortila eta paella.

Sara Pagolaren bisita

Aste batzuk lehenago, apirilaren 20an, iritsi zen Argentina-Mercosur-eko Ordezkaria Comodoro Rivadavia hirira. Bi eguneko bisitaldian, hiriko agintariekin bildu eta Euskal Etxea ezagutu zuen. Euskal Etxearen egoitzan  "Euskadi gaur" izeneko hitzaldia eskaini zuen 300 bat pertsonarentzat.

Buletin honi adierazi dionez, “Udaleko ordezkariekin izandako bileran hirian garatzen diren kultur ekintzei buruz hitz egin genuen. Eta agintariek goraipatu zuten euskal kolektibitateak egiten duen lana. Beste alde batetik, hitzaldi bat eman nuen Euskal Etxean eta jende ugari etorri zen, nahiz eta asteguna izan. Oso euskal etxe aktiboa aurkitu nuen, gazte talde handi eta polit batekin. Uste dut hain urrun dauden euskal etxeek batzuetan sentitu egiten dutela urruntasun hori. Horregatik bisita hauek oso garrantzitsuak dira. Harrera ederra egin zidaten”, azpimarratu du Pagolak.

Hitzaldia bukatutakoan, afaria, dantzak eta abestiak partekatu zituzten etxekoek eta gonbidatuek.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia