euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azken lekuak AEBetara bidaia ikusgarrian: Boiseko Jaialdi eta Nez Perce tribuarekin kultur trukea Yellowstone parkean

2015/07/15

Bideak eta Garaiko Landetxeak antolatu duten bidaiaren afitxa
Bideak eta Garaiko Landetxeak antolatu duten bidaiaren afitxa

PUBLIZITATEA

Bideak bidaia agentziak eta Garai Landetxeak Boiseko Jaialdira bidaia antolatu du aurten ere eta azken leku batzuk libre dituela aditzera eman dio EuskalKultura.com-i. Jaialdiz gain, bidaia honetan doazen lagunek Yelllowstone natur parkean Nez Perce tribuko kideekin sei egun bizitzeko aukera paregabea izango dute.

Durango, Bizkaia. Uztailaren 28tik abuztuaren 8ra Idahora bidaia antolatu dute Garaiko Landetxeak eta Bideak agentziak. Hamabi lagunek osatutako taldeak egingo du bidaia, agentziako Jasone Gezuragak EuskalKultura.com-i jakinarazi dionez.

Bidaiaren lehenengo zatian bost egun emango dituzte Boisen, Jaialdiz gozatuz. Horretarako Boiseko Euskal Etxetik oinez bost minututara dagoen hotel batean hartu dute ostatua.

Abuztuaren 2an Nez Perce erreserbara joango da taldea eta han bost gau egingo ditu, tribu honetako kideekin bizitzen. Egun horietan gainera, Pow Wow edo indiarren kultur topaketa handi batean parte hartzeko aukera izango dute bidaiariek.

"Orain dela hamar urte antzeko bidaia bat egi genuen, orduan ezagutu genituen Nez Perce tribuko kideak eta harrezkero harremana mantendu dugu", aipatu du Gezuragak. "Orduan gainera Aurtzaka taldeko dantzariekin joan ginen eta eurekin kultur truke bat egin genuen. Oso berezia izan zen".

Bidaia hartan parte hartu zuen dantzarietako bat, Izaskun Salazar, izango da bidaia honetako gidarietako bat. Beste biak, Ane Etxeita eta Jokin Agirre, dantzariak dira ere, Garaiko Dantza Taldekoak.

"Jaialdin dantza, emozio eta festa giroan ibilitzea da gure asmoa. Eta gero, Nez Perce-en erreserban lasaitasuna, eurekin bizi, euren ohiturak ezagutu... Kasinoetan lan egiten dute gehienek eta euren egunerokotasun hori ere ezagutuko dugu, Pow Wow topaketa handiarekin batera", gehitu du Gezuragak.

Bidaian parte hartu nahi izanez gero, jarri lehenbailehen harremanetan antolatzaileekin, telefonoz 605-7432103/94-4656003 edo info@garaikolandetxea.com e-mailera idatziz. Bidaiaren prezioa, hegaldi, hotel (11 gau), euskal gidari eta autobusa barne, 2.500 euro ingurukoa izango da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia