Guztiak lanean ziren atzo asteartea Washington hiriburuko National Mall-en, azken ikutuak ematen gaur asteazkena, goizeko 10etan (Euskal Herrian arratsaldeko lauak direla) 2016ko Smithsonian Folklife Festival-i hasiera emateko, euskaldunak eta Euskal Herria aurtengo edizioko ardatz. Inaugurazio ekitaldi ofiziala goizean, Kapitolioa albo batean zelatari muntatu den Euskal Herri txikiak Kepa Junkera eta Sorginak-en emanaldia bizituko du iluntzean. Hona inaugurazio aurreko azken argazkiak. Zero eguna gaur da.
Washington DC, AEB. Hirian bat egin dute AEBetan bidaia ofizialean ari den euskal enpresari ordezkaritzak, Arantxa Tapia sailburua eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru diputatu nagusiak tartean, bidaia horretan laguntzaile handia izan duten John Garamendi kongresukide kaliforniarrarekin, guztiak bildu baitira azken orduetan Smithsonianen inguruko ekintzetara. Inaugurazio ofiziala gaur goizean izango bada ere, luxuzko beroketa moduan ekitaldi berezia eskaini zitzaion atzo Washingtongo 'zati noble' honetan, National Museum of the American Indian-en antzokian, aipatu ordezkaritza ekonomiko eta instituzionalari, Lucia Lacarra dantzaria eta Joaquin Achucarro pianista ikuskizuneko partaide, beste zenbait artistarekin batera, Xabier Paya bertsolari eta Donostia 2016ko kultur zuzendaria aurkezle, bertsotan, euskara eta ingelesa tartekatuz. Ondoren harrera-ekitaldi bat etorri zen, National Portrait Gallery delakoaren instituzioko patioan,
Smithsonian Folklife Festivalaren inaugurazioa, baina, gaur goizean izango da; datorren astelehenera arte, Uztailaren 4era arte alegia luzatuko den jaialdi honen lehenengo zatiari abiatuz, ondoren bigarren eta azken zatiari bidea emateko, uztailaren 7tik 10erako beste lau eguneko tartean. Inaugurazio ostean, lanean hasiko dira ofizialki jaialdiko gune, oihal-etxola eta zati guztiak, Euskal Herriko edozein herri txiki baten itxura harturik, frontoiarekin, artisau eta ofizioekin, euskararekin, jan-edatekoekin, mozkin eta produktu berezituekin, umeentzako eremuarekin... guztiak atenditzen eta euskal kultura tradizionalaren alderdi eta emaitza ikusgarrien tailer, erakustaldi eta aurkezpenak egiten berrehundik gora pertsona, dantzari, kantari, artista, artesau, profesional eta sortzaile Euskal Herrikoak edo AEBetako euskal komunitateetako kideak.
Hona, iruditan, atzoko egunak eman zuena, gaurko inaugurazio egunaren esperoan (gaurko programa, hemen).