Astelehenean inauguratu zen ‘Vascos de allá. Vascos de acá’ (Hango euskaldunak. Hemengo euskaldunak) erakusketa Argentinako hiriburuan eta ostiralera arte ikusi ahal izango da Buenos Aires Hiriko Jauregi Legegileko Ohorezko Hall-ean. "Kultur intereseko ekimena" izendatu duten proposamen honek erakustaldi honekin esango dio ‘agur’ Argentinari, zenbait tokitan jendaurretua izan ondoren, besteak beste San Nicolasen, 2017ko Euskal Aste Nazionaleko egitarauko parte.
Buenos Aires, Argentina. Hiru hilabeteko egonaldia egin du Miguel Etxebarriak Argentinan, helburu jakin batekin etorririk: bere margolanak Euskal Astean aurkeztea. Proposamenei zabalik etorri zen, ordea, artista eta Atlantikoaren alde honetan egonik, beste erakusketa bi antolatu ditu –Eusko Kultur Etxean eta honakoa, hiriburuko Legegilekoa– eta urrian, gainera, Trenque Lauquengo 'Urdaiazpiko Jaian' hartu zuen parte, antolatzaileek propio gonbidaturik; eta gonbitea ez zen loturagabea izan; izan ere Etxebarria, Baionako Urdaiazpiko Jaiaren (Xingar Besta) margolaria izan baitzen izendatua iaz.
Buenos Aireseko erakunde legegileko erakustaldiari dagokionez, azaroaren 27an, iragan astelehenean izan zen inaugurazio ekitaldia, zenbait agintari partaide, tartean Marcelo Guouman diputatua eta Euskadiko ordezkari Sara Pagola. Ekitaldian Guouman bera zuzendu zitzaien bertaratutakoei eta bere hitzetan bi gauza azpimarratu zituen: Argentinaren sorreran etorkinen legatuaren eragina eta Hipolito Yrigoyenen euskal sustraiak. Hitzorduan bertan, erakusketa Hiriak "Kultur Interesekoa" izendatu duela adierazten duen diploma eskuratu zion hautetsiak artistari. Etxebarriak ere hitz batzuk esan zituen, gehienbat bere lanaren ezaugarri nagusiak azaltzeko.
Hogeitabost bat lanek osatzen dute ‘Vascos de allá. Vascos de acá’ erakusketa, berezitasun bitxi batekin: guztiak Argentinan margotu ditu pintoreak, hemen igaro dituen hiru hilabeteetan. Lanen gaiak, euskaltasuna islatzen duten, eta euren artean topa daitezke Euskal Herriko kostaldea eta mendiko paisaiak, itsasoa eta baserriak, jaiak, mito eta elezaharrak eta eguneroko bizimodua. Artistaren azalpenez, “Argentinako euskal jatorriko lagun asko Euskal Herrira joan ezin direnez, hau hango irudiak ekartzeko modu bat zitekeen”.
Erakusketa abenduaren 1era arte egongo da zabalik, ostiralera arte alegia, Buenos Airesen, hiriburuko hauregi Legegileko Ohorezko Hall-ean, Peru kaleko 160.ean. Aretoa 9etatik 21etara dago irekita. Sarrera libre eta doan.