euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azken emaitza eta planak aipaturik kalean da Corpusko Eusko Etxearen Berripaperaren 56. zenbakia

2012/10/08

Berripaperaren azala, bere 56. zenbakian. Beste batzuetan argazkiduna plazaratzen bada ere, oraingoan testuduna izan da bakarrik.
Berripaperaren azala, bere 56. zenbakian. Beste batzuetan argazkiduna plazaratzen bada ere, oraingoan testuduna izan da bakarrik.

PUBLIZITATEA

Mugimendu eta higidura, ekimen, kezka eta gauzapen handiko euskal etxea da Corpus Christiko Eusko Etxea, inguruan duen gizartearekin eta beharrean daudenekin solidario eta sentibera; bitarteko aldetik apaltasunez baina emeki hainbat ekimen xehe baina ekarkorrez ari dena, Buenos Airestik urrun eta natura eta oihanean kokatua den Misiones probintzian, Iguazuko urjauzietara datorren turismoa diru-sarrera nagusia duen Argentina iparraldeko probintzia xehe honetan. Berripapera, honela, euskaraz, du izena elkartearen buletinak, bertako euskaldunen engaimendu bikoitzak eragindako ekintzen berri ematen duena, euren euskal kultura eta jatorriarekin bezain konpromiso sendoa baitaukate bertako eusaldunek txertatuta dauden errealitatearekin eta bertako gizarte eta kultur arloko aurrerapenarekin. 56. zenbakira heldua da irailean Berripapera.

Corpus Christi, Argentina. Olga Leiciaga lehendakari --eta Berripaperaren egile-- duen Corpus Christiko Eusko Etxeak ilusio handiz ekiten dio beti bere ekintza programari, eta bazkide, laguntzaile eta lagun dituenen bilgarri eta albiste-emaile banatzen du Berripapera, paperean hala nahiago dutenei, Misionesen askori, eta bertsio digitalean, beste askori. Azkeneko zenbakiak, 56.ak, irailari dagokionak, esaldi edo testu esanguratsu batekin hasten du zenbakia, eta euskal abizen batzuen itzulpena emanez, zenbakiro bezala; hortik aurrera erakundearen jardunari buruzko, eta elkarteak bete dituen edo abian jarri dituen ekimenak aipatu eta komentatzen ditu.

Kasu honetan, euskal gizataldeek Donostian azaroan eginiko euren V. Mundu-Batzarreko materialarekin Eusko Jaurlaritzak eginiko 'Guztion Artean' liburua jaso duela euskal etxeko liburutegiak diote, eta Lopez lehendakariak Batzarrean esan eta liburuak bildutako harrera-emate eta esker-emate hitzetako batzuk bildu dituzte buletinera. Aurkezpen horrekin, San Ignacio departamentuko --bertan dago Corpus Christi, Misiones probintzian-- tokiko berrietara pasatzen dira eta hor aipatzen dute --euskal etxearen ikur den proiektua baita-- Mbya Guarani komunitate aborigenari ur hornidura emateko lanen berri, dagoeneko abiatuta den lana, aurretik talde etniko horretako haurrentzako eskola baten proiektua aurrera atera ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren sostengu ekonomikoa lagun. Oraingo lanak Gure Aita kristau komunitate arabarraren laguntzari esker ari dira egiten.

Eusko Etxeak abuztuan San Ignacio herrian deitu zuen Euskal Argentinar Festa Handia ere aipatzen du Berripaperak, eta datorren urtean ere edizio berri bat eratzeko erabakia, data eta lekua oraindik adosteke. Atahualpa Yupanqui du izena euskal etxe barnean ilusio handiz lanean ari den liburutegiak eta liburutegia kudeatu eta dinamizatzen duen taldeak, berriz, 'Lagun Artean'. Prestatzen ari diren ekimenen artean, literatura eta artea lantzeko piknik bat; hiru eguneko euskara tailer bat gaztetxoenentzat; eta antzerki topaketa bat (abenduaren 15ean), tartean euskal etxeko haur eta gaztetxoen taldeek Quinoren "El mundo de Mafalda" lana, eta "La Mari" (euskal kantuduna) eta "Euskotarrak gera gu" (sic) obrak taularatuz.

Nazioartean ospatzen den Turismoaren Mundu-Egunak, elkarretaratze berezi bat ekarri du Corpusera irailaren 27 eta 28an, Mercosurreko Jesuiten Misio Guaranien Tokiko Garapen, Kulturarteko Hezkuntza eta Turismo Batzar Internazionala hain zuzen, euskal etxeak ere, bertako errealitatearekin eta aurrerabidearekin engaiatutako erakunde bezala, parte hartu zuela, turismo historikoa bertako ekonomia eta garapenaren agente inportantea baita.

Beste hainbat gai jorratzen ditu zenbakiak, baina ezin guztiak xehetu. Tartean, esaterako, Maisuaren Egunaren ospakizuna; euskal etxea ipuin eta kontaketa antologia liburu berri bat argitaratzekotan dela, urtero arlo honetan deitzen duen lehiaketako lanen plazaratzaile; euskal etxeko Zuzendaritza Batzordeko bi kide, Aida Ofelia Gimenez eta Olga Leiciaga, eurak idatzitako bi liburu ari direla prestatzen argitaratzeko, autoedizio gisa eta hurrenez hurren 'La sabia locura' eta 'Siembra y cosecha por Corpus Christi y sus alrededores' titulupean, bertako sentipenei eta euskal eta argentinar bizipen eta ohitura eta istorioei loturik.

Loiolako San Inazioren egurrezko irudi bat, bertako artisau batek egina, bereganatu du euskal etxeak; aldi berean, euskal etxeak Corpus Hiriaren 135. urteurreneko ospakizunekin bat egin du. Azkenik, 'El puente de la novia' izenburua duen kontaketa laburra ere biltzen du Berripaperaren 56. zenbaki honek, Gloria Vanesa Toth kontaketaren egile, duela hiru urte Eusko Etxeak antolatzen duen Lehiaketara aurkeztu eta aipamen berezia lortutakoa.

-Buletina emailez jaso nahi baduzu edo bestela ere euskal etxeari sostenbgua emateko Olga Leiciagarekin jar zaitezke harremanetan, honako helbidera idatzita: casavascacorpus@gmail.com

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia