euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azken 70 urte hauetan Buenos Airesen euskararen alde egindako lan emankorra ospatu du Euskaltzaleak-ek

2014/07/17

Euskaltzaleak-ek 70. urteurren afaria ospatu zuen uztailaren 15ean (argazkia EuskalKultura.com)
Euskaltzaleak-ek 70. urteurren afaria ospatu zuen uztailaren 15ean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Laurogeita hamar bat lagun bildu ziren jaian, tartean ikasleak, ikasle izandakoak eta etxeko kideen ahaideak. Topa egiteko momentuan, erakundearen oinarriak ezarri zituzten euskaldun horiek ekarri ziren gogora, baita zazpi hamarkada hauetan euskararen alde lan egin dutenak ere. “Euskaltzaleak-en historia epopeia bat izan ohi da; batez ere azken urteetan. Horrexegatik da hain garrantzitsua urtemuga hau”, adierazi zuen etxeko kide Elsa Usandizagak. Euskal Herritik bidalitako agurrak ere jaso zituen Buenos Airesko euskaltegiak, tartean Urkullu Lehendakariarena.

Buenos Aires, Argentina. Irrikan zeuden Euskaltzaleak-ekoak instituzioaren 70. urteurrena ospatzeko. Eguna iritsi zen azkenean eta joan den asteartean harro egin zioten topa lagunek 1944tik Buenos Airesen euskarari eusten eta euskaldunen hizkuntza irakasten eta zabaltzen dabilen euskal erakunde honenn alde.

Elkarretaratzea hiriburuko Balvanera auzoko Lalin jatetxean izan zen eta bertara bildu ziren egungo ikasleak –aurrez aurreko kurtsokoak zein on line ikastarokoak–, ikasle ohiak, ahaide eta lagunak eta euskaltegiko irakasleak. Euskaltegiko lehendakari Carlos Bordagaray izan zen gonbidatuei ongietorria emateko arduraduna. Gauean zehar, kantu, musika eta dantza saioak egin ziren eta Bordagaray-k Urkullu lehendakariak Euskaltzaleak-i helarazitako mezuaren berri eman zuen. Zorion-agurrak Euskaltzaleak-en izenean 2014ko Gaztemundun parte hartzen ari den Pilar Sarasak jaso zituen, Gasteizera egindako bisita batean (ikusi mezua hemen). Eta Euskal Herritik ere, festan presente egon nahi izan zuten beste zenbait lagunek ere bidali zituzten euren agurrak (ikusi hemen).

Euskaltzaleak-en 70. urteurrena 2014 01

[Afariari ekin aurretik, Renzo Bustos dantzariak Aurresku dantzatu zuen eta etxeko abesbatzak Agur Jaunak kantatu (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskaltzaleak-en 70. urteurrena 2014 02

[Laurogeita hamar gonbidatuek gozatu zuten lagun arteko afariaz, hasi berriek eta erakundean ibilbide luzea dutenek ere bai. Martinezen eta Belgrano auzoan duela gutxi hasitako ikastaroko ikasleak ere bertaratu ziren jaira (argazkiak EuskalKultura.com)]

Euskaltzaleak-en 70. urteurrena 2014 05

[Eta euskal jai guztietan bezala, musika eta dantza saioekin edertu zen gaua (foto EuskalKultura.com)]

Euskaltzaleak-en 70. urteurrena 2014 03

[Publikoak Zorionak Zuri abesten zuen bitartean, Beti eta Alberto Ospitalek kandelei putz egin zieten (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskaltzaleak-en 70. urteurrena 2014 04

[EAJ-PNVren Argentina Buru Batzarraren izenean, Magdalena Mignaburuk opari bat eskuratu zion Euskaltzaleak-eko lehendakariari (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskaltzaleak-en 70. urteurrena 2014 06

[Topa egitean, Euskaltzaleak-eko lehendakari ohi Elsa Usandizaga erakundearen historiari buruz mintzatu zen. Usandizagak ‘epopeia’ hitza erabili zuen Buenos Aireseko euskaltegiaren historia deskribatzeko. “Bizi izan duguna, batez ere azken urteetan, benetako epopeia bat izan da; baina Bordagaray eta Arla bezalako buruzagiekin, eta egunero lan egiten dugunon laguntzarekin iritsi ahal izan gara urtemuga berezi honetara”, adierazi zuen Usandizagak. Irene Lopez de Vicuñak ere hitz egin zuen. Instituzioko garai guztietako jendeaz oroitu zen irakaslea (argazkia EuskalKultura.com)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia