HABEk, FEVAk, Euskadiren Argentinako ordezkaritzak eta bertako euskal etxeek gonbidaturik, Argentinako euskararen lagun guztiek har dezakete parte osagai akademiko eta jolasgarriak ere dauzkan proposatutako programan. Jarduerak azaroaren 16an hasi eta abenduaren 3ra arte luzatuko dira, besteak beste honakoak lagun izango dituzten jardunaldietan: HABEko teknikari eta Euskara Munduan programaren arduradun Kinku Zinkunegi; Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika, eta Joseba Lozano Santos, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria.
Buenos Aires, Argentina. Urtean zehar gauzatu dira Argentinan Euskaraz programaren 25. urtebetetzea ospatzeko hainbat ekintza eta orain jaialdi nagusia egingo da Buenos Aires hiriburuan, HABE, FEVA eta Euskadiren Argentinako ordezkaritza babesle.
Programari dagokionez, trinkoa da eta mota askotako ekintzak batuko ditu. Azpimarratzekoa da, ordea, proposamenak irekiak direla eta euskara ikasleak eta irakasleak ez ezik, euskal etxeetako lagun guztiak daudela gonbidatuta euskararengana hurbildu eta euskaldunen hizkuntza ezagutzen hasi edo segitzera.
Hona hemen, aktibitateen egitaraua:
-Azaroaren 16an, astelehena, 18etan: ‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketaren inaugurazioa. Bisita gidatua Sara Pagola Euskadiko Ordezkariaren eskutik. ‘Euskararen Historia’ bideoaren emanaldia. Lekua: Liburutegi Nazionaleko ‘Juan L. Ortiz’ Aretoa, 3. Solairuan. Agüero kaleko 2502. zenbakian.
-Azaroaren 27an, ostirala, 18etan: Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikaren “Euskarak azken 30 urteotan izan duen bilakaera soziala: kasu paradigmatikoa” izenburuko hitzaldia. Magdalena Mignabururen Euskara Argentinan, nortasuna eta sentimendua liburuaren aurkezpena. Euskal Echea eskolak Buenos Aires hiriburuko Hizkuntzen Astean aurkeztutako erakusketa. Lekua: Euskal Echea eskolako Areto Nagusia. Sarandi kaleko 735. zenbakian.
-Azaroaren 28an, larunbata, 12etatik 17etara: Jaialdia Euskaltzaleak euskaltegiaren aurrean. Txupinazoa, trikitixa, jolasak, sukaldaritza txosnak. ‘Eusketxak’ lehiaketako bideoen proiekzioa eta sari-emanaldia. Logo-lehiaketaren sari-ematea. 25. urtebetetzeko tarta. Lekua: Euskaltzaleak, Bernardo de Irigoyen 826an.
-Abenduaren 3an, osteguna, 18etatik 20etara: Bisita gidatua ‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketara Sara Pagola Euskadiko Ordezkariaren eskutik. “Ez egin negar nigatik, Argentina, zure hizkuntzan hitz egingo dut eta baita nirean ere” izenburuko mahai-ingurua. Immigranteen jatorrizko hizkuntzak mantentzeko esperientziak: greziera (Giorgios Diakakis), galesera, ukrainera eta euskara (Jose Fco. Zinkunegi). Moderatzailea: Pablo Ubierna. Lekua: Liburu eta Hizkuntza Museoa, Las Heras etorbideko 2555an.
Eusko Ikaskuntzak bultzatutako “Euskaldun berri” kanpainaren amaiera. Gogora dezagun kanpaina honen baita n euskal etxeek ‘Euskaldun berri’ izena jarriko diotela hiriko edota egoitzako leku bati. Ekimena 2015eko ENE sariaren deialdiaren barruan egingo da.