Ayacucho, Argentina. Necochean, atzo bertan Euzko Etxeko kideek eta bertako euskal komunitatekoak beren ohiko 'Esnatze Alaia' ospatu zuten, Iñaki Deuna edo San Ignazio jaien barruan. Gogora dezagun 'Esnatze Alaia'n, uztailaren 31 goizean, euskal komunitateko pertsona jakin batzuk, normalean adinekoak, bisitatzen direla euren helbideetan, musika lagun, dantzariak dantzari edo kasuren batean euskal abestiren bat abestuz, omenezko keinu gisa. Batzuk irekitako bidea, beste batzuk jarraitzen dute, eta segidan aipatuko dugun kasuan Ayacuchori gagozkio, bertan, uztailaren 7an, 'Euskal Odola' Euskal Etxeko 'Odol Berria' dantzari taldeko gazteek 'Esnatze Alaia' eskaini baitzieten euren etxeetaraino joanez, Graciela Alberro de Bazterrechea eta Elvira Quiroga de Ilarregui bazkideei, euren gorazarre.
Omenaldia jasotakoez eta dantzariez gain, ekimenean partaide izan ziren baita ere senitartekoak, lagunak eta auzokideak, eta Euskal Odolako lehendakari María Nilda Ilarreguiren agurra jaso zuten. Une politak, hunkigarriak izan ziren, partekatutako bozkarioa eta belaunaldi desberdinak lotzen dituen Euskal Etxea bezalako proiektu dinamiko horren barneko partaidetza eta familia sentimendua sustatzen dutenak. Gazteek aurreko belaunaldiei bidea ireki izana eskertu eta lekukoa jasotzeko prestatzen ari direla esatea bezala, azaldu dio EuskalKultura.eus-i EEko kide Ana Maria Suárez Iribarrenek.
Ezkerrean, Odol Berria-ko dantzarien emanaldia Tandilen. Eskuinean, bisita Graciela Alberro de Bazterrecheari (goian) eta Elena Quiroga de Illarregui-ri (behean).
Eguna luzea izan zen. Izan ere, 'Esnatze Alaia' egin ondoren, eguerdian, dantzari ayacuchotarrak 75 km-tara dagoen Tandilera abiatu ziren, bertako Gure Etxea Euskal Etxeko dantza taldearen gonbidapenari erantzunez, auzoko EE honen San Ferminetako ekitaldi programan dantzari parte hartzearren. Belén Zabaleta eta Clara Esteberena zuzendariak buru, eta familiarteko batzuk lagun, Ayacuchoko Sanferminei euren ekarria egitearren bertaratu ziren.
Makil Dantza dantzatu zuten euren emanaldian Odol Berriako dantzariek eta topaketa atsegina izan zuten euren auzoekin. Arratsaldean, taldeak Ayacuchorako bidea hartu eta eginbeharreko gehiago zeukaten, atzera Euskal Odolaren egoitzan. 'Kafe eta pastiza' arratsaldepasa ari ziren egiten bertan bazkideek, eta programako edergarri bazkideen aurreko agerpena zeukaten, negu hotzeko hitzordu bat, lagunek, senideek eta bazkideek osatutako publikoaren aurrean.
Gogora dezagun Ayacuchoko Odol Berria taldea honako dantzariek osatzen dutela: Melany Guas, Emily Guas, Leire Basualdo, Antonia Aniz, Isabel Romero, Paloma Gamarra, Antonia Garay, Jacinta Garay, Hipólito Garay, Pedro Bazterrechea, Jazmín Bazterrechea, Pilar Bazterrechea, Baldomero Bazterrechea, Justo Bazterrechea eta Matías Bazterrechea. Horrez gain, Belén Zabaleta eta Clara Esteberena dira taldeko zuzendari. Aurreskua, Polkak, Fandangoa eta Zazpi Jauzi dantzatu zituzten, momentu batzuetan bertan zeuden ikusleak ere parte hartzera gonbidatuz.