Eusko Jaurlaritzak "atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko" ematen dituen diru-laguntzez baliatuz, hirian sei etxebizitza egiteko materiala erosi zuen Ayacuchoko Euskal Odolak. Azken lau etxeak hilabete honetan jaso dituzte familia ayacuchotarrek Euskal Etxeko eta Udaleko agintarien eskutik.
Ayacucho, Argentina. Uztailaren 7an eman dizkiete lau familia zortedunei etxe berrien giltzak Euskal Odola Euskal Etxeko eta Udaleko agintariek. Hautatze prozesua ez da batere erraza izan baina proiektuko arduradunek ahalik eta modu gardenean egin nahi izan dute. Euskal Etxeko erreferente Elena Alberrok EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Udalak ikerketa sakona egin zuen jendearen bizi baldintzak ezagutzeko; guztira hamabi familia geratu ziren lehenengo hautaketa batean eta horien artean zozketa bat egin genuen”.
Etxeak Inocencio Arroyo eta Martin Fierro kaleetako izkinean daude eta bi gela, komuna eta jantokia dituzte. 2015eko aldian gertatu bezalaxe, Euskal Etxeak, Eusko Jaurlaritzak egoera larrian dauden pertsonentzat bidalitako diruaren ekarpena egin zuen, eta diru horrekin materialak erosi ziren, Udalak langile-lana hartu zuela bere gain.
Proiektuaren jizan dezakeen segidari dagokionez, jarraitu nahi dutela eta jarraitu behar dutela jarraitu adierazi digu Alberrok. “Proiektuaren ardura Udalarekin konpartitu arren, herriarentzat hauek ‘Euskal Etxeak egindako etxeak dira’. Eta hori ohore handia da guretzat; baina baita konpromiso bat ere. Azken urte hauetan jasotzen dugun diruarekin –etxe hauek duela urte batzuk jasotakoarekin joan ziren eraikitzen– ezin izango ditugu etxeak eraiki. Baina hitza eman dugu eta etxe berriak eraiki ezin baditugu, bai lagunduko dugula behar handietan bizi diren jendearen etxeak konpontzen, hobetzen…”.
Etxeak emateko zeremonia uztailaren 7an egin zen eta Euskal Etxeko lagunek “datagatik, Sanferminak ospatzeko programaren barruan sartu zuten. Ezin izan genuen afari bat antolatu baina giltzak emateko ekitaldian pastel batzuk eta kafe beroa banatu genituen bildutakoen artea. Eta San Fermin meza ere eskaini genuen gero”.
Etorkizunari begira, hileroko afariekin jarraituko dute Euskal Odola-ko lagunek eta hiriari irekitako mus txapelketak antolatuko dituzte.