euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ayacuchoko Euskal Odola elkarteak hiriaren 146. urtemuga lagunarte folkloriko eta dantzariez ospatu zuen

2012/06/29

Euskal Odolako dantzariek urtemugako jaia alaitu zuten (argazkiaEE)
Euskal Odolako dantzariek urtemugako jaia alaitu zuten (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Joan den ostiralean izan zen Buenos Aires probintziako Ayacucho hiriaren urteurrena eta bertako euskaldunek, kokatzen diren komunitatearekin duten harreman estua erakutsiz, euren egoitzan ospatu zuten euskal eta argentinar ezaugarriz. Euskal Odola antolatzaile, jende ugarik hartu zuen parte ostiralean bertan burutu zen lagunarte folklorikoan, genero askotako musikariak eta euskal dantzariak barne. “Kulturaz gozatu eta momentu on bat pasatzeko aukera paregabea izan zen”, adierazi dio Ana Suarez etxeko kideak EuskalKultura.com-i. Bestalde, Euskal Odolako lagunek Sanferminak ospatzeko programa ere azaldu digute: “Egun osoko ospakizuna izango da, uztailaren 15ean ospatuko dugu eta goizean ‘El alegre despertar’ekin hasi eta meza, bazkaria eta dantzekin segituko dugu”, adierazi dute.

Ayacucho, Argentina. Argentinako ohiturek eta Euskal Herrikoek bat egin zuten joan den ostiralean, ekainaren 22an, Ayacuchoko Euskal Etxearen egoitzan, euskaldunez gain gainerako herritarren ordezkaritza zabala bildu zuen ekimenean. Hiria sortu zeneko 146. urteurrenean, Euskal Herriko eta Pampa bertako kultur adierazpenak izan ziren protagonista Euskal Odola euskal elkartekoek herritar guztientzat antolatutako urtebetetze-festa moduko hitzordu berezian.

Artista anitz bildu ziren Euskal Odolara, herriari urtebetetze-omenaldi bat egite aldera, tartean kantari, musikari eta dantzari argentinarrak, hala nola 'Relampago chamamecero' taldea osatzen duten Hugo Arias, Agustin Cadenas, Rodolfo Garcia eta Agustín Bertoli musikariak, Matias Pessi payadorea eta ‘El encuentro’ eta ‘La media caña’ lagunarteak.

Ayacucho hiriaren urtemuga 2012 01

[Euskal Herriko eta Argentinako ohitura nahastu ziren Ayacucho hiriaren omenez antolatutako jaian (argazkiakEE)]

Euskal Herriko dantza tradizionalek ere jarri zizkioten kolore biziak gauari. Belen Zabaletaren zuzendaritzapean, euskal etxeko neskek, gorulariz jantzita, kalejirak eta koreografia batzuk dantzatu zituzten herriaren 146. urtemuga ohoratzeko. “Kulturaz gozatu eta momentu on bat pasatzeko aukera paregabea izan du herri osoak gure euskal etxean”, adierazi dio Ana Suarez Euskal Odolako kideak EuskalKultura.com-i.

Ayacuchoko Sanferminak

Euskal Herriko jai ezagunenetakoa den hau ere ospatuko da Ayacuchon. Izan ere nafar jatorrikoek osatzen dute bertako euskal komunitateko zati handi bat. Sanferminak kari, egun osoko ekitaldia antolatu da uztailaren 15ean, Iruñekoa gogoan. Hasteko, ‘El Alegre despertar’ egingo da. Ondoren, delegazioak errezibituko dira eta segidan meza emango du Miguel Angel Paris apaizak. Elizkizunak bukatutakoan, euskal dantza ikuskizuna egingo da herriko plaza nagusian eta ondoren euskal etxean bilduko dira gonbidatu guztiak bazkaria partekatzera. Jai giroa arratsalde osoan luzatuko da musika, dantza eta lagunekin. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia