euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ayacuchoko Euskal Odola EEak Euskal Joko Tradizionalen 8. Topaketa egingo du gaur herriko umeak bilduz

2015/11/12

Euskal Odola euskal etxeak antolatutako Euskal Joko Tradizionalen Topaketa (argazkia Ayacucho Irratia)
Euskal Odola euskal etxeak antolatutako Euskal Joko Tradizionalen Topaketa (argazkia Ayacucho Irratia)

PUBLIZITATEA

Egunean zehar, jolastu ez ezik, askaria hartu, lagunekin konpartitu eta euskal kultura ezagutu ere egingo dute herriko haurtzaindegietako neska-mutikoek. Gaurko aktibitatea iragartzeaz gain, Udalarekin batera euskal etxeak eraiki eta dohaintzan eman zuen etxearen berri ere badatorkigu Ayacuchotik.

Ayacucho, Argentina. Euskal Etxeak urtero antolatzen duen ekitaldi hau bere zortzigarren ediziora iritsi da aurten eta ohi duen moduan bost urteko umeak bilduko ditu. Euskal Joko Tradizionalen Topaketa egoitzaren aurreko kalean egingo da, (Sarmiento 729an) herriko eskoletako heziketa fisiko irakasleak lagun.

Gaurkoa ez da izango, ordea, euskal etxeak aste honetan antolatu duen ekintza bakarra. Izan ere, igande honetan azaroko ‘Karta-joko arratsaldepasa’ eratu du euskal etxeak hilero egiten duen moduan.

Ekimen solidarioa

Gaurkoa bezalako ekintzetan argi eta garbi ikusten da euskal etxeak bere komunitatearekiko daukan engaiamendua. Baina apustu handiagoak ere egin ditu Euskal Odola-k eta emaitza handiak lortu ditu, elkartasuna tarteko eta kideen ahaleginei esker.

2014ko apirilean akordio batera iritsi ziren Euskal Etxea eta Ayacuchoko Udala egoera larrietan bizi ziren bi familiarentzako etxeak eraikitzeko. Proiektua gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzarekin materialak erosi zituen euskal etxeak eta gainerako gastuak, obrarenak alegia, Udalak hartu zituen bere gain.

Hitzarmena sinatu zenetik eta urte osoko lanaren ondoren, aurtengo urriaren 9an egindako zeremonia batean etxeetako baten giltza eskuratu zioten euskal erakundeko eta udaleko ordezkariek zazpi umeren ama den Yanina Villalba jabe berriari.  “Bi etxe hasi ginen eraikitzen iaz –azaldu dio euskal etxeko lehendakariorde Elena Alberrok EuskalKultura.com-i–, eta lehenengoa urrian bukatu genuen. Etxea Martín Fierro kaleko 1506. zenbakian dago eta ama eta seme-alabak dagoeneko daude bertan. Orain espero dugu bestea ere laster prest egotea”.

Euskal etxearentzako etxea

Eta Euskal Odola-k ere nahi du bere etxe propioa eta bide horretan dabil; hori dela eta 2012an erositako lur-eremuan areto bat ari da altxatzen, poliki baina gelditu gabe. Alberrok EuskalKultura.com-i jakinarazi dion legez, “Zatika ari gara eraikitzen. Orain arte areto bat egin dugu, sukalde eta komunarekin, eta teilatua da geratzen zaiguna. Gure asmoa da apirilerako –apirilean amaitzen baitzaigu beste lokalaren alokairuko kontratua– bukatzea eta mugitzea, ekintzak bertan egiten hasi ahal izateko. Lan handia da baina gure indar osoa jartzen ari gara egitearren”.

Bitartean ayacuchotarrek euren betiko ekintzekin jarraitzen dute eta aipatutako aste honetako aktibitateez gain, datorren urteko ‘Txahalaren Festa Nazionalerako’ ere ari dira prestatzen. “Ohiko gure karroza alegorikoa aurkeztuko dugu. 2016koan Euskal Herriko eta Argentinako kulturak batuko dituen eszena bat taularatuko dugu”, iragarri digu Euskal Odola-ko lehendakariordeak. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia