euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ayacuchoko 51. Txahalaren Jai Nazionalak gaina hartu dio eguraldiari, bertako Euskal Odola EEa partaide gogotsu

2025/03/19

Ikurrinez eta lauburu handi batez edertutako karroza Ayacuchoko Euskal Odola Euskal Etxeko ordezkaria garraiatzen amaierako desfilean
Ikurrinez eta lauburu handi batez edertutako karroza Ayacuchoko Euskal Odola Euskal Etxeko ordezkaria garraiatzen amaierako desfilean

PUBLIZITATEA

Ayacucho, Argentina. Azkenik, eguraldi ona lagun, Ayacuchoko Txahalaren Jai Nazionalaren 51. edizioa zeharo arrakastatsua izan da. Urtero bezala, igandetik igandera, programako parte izan ditu herri-kantu lehiaketak, abilezia kreolearen erakustaldiak, karrozen desfilea, txahalen erakusketak eta festa handi batez gozatu ahal izan duten hamaika bisitari, eta "Patio de Tierra"n Argentinako musika herrikoiko artista ospetsuek eskainitako emanaldiak. Martxoaren 9tik 16ra, milaka lagun, hainbat urrutitik etorritakoak, bildu dira landa argentinarreko kultura, musika eta tradizioetan murgiltzeko eta hor, beste edizio batez, herriko Euskal Odola Euskal Etxea lagun aktibo izan dute, bat eginez jaiarekin. "Hautagaiak Aurkezteko Peña” antolatuz, eta amaierako desfile ofizialean EEko hautagaia zeraman karroza aurkeztuz.

Euskal Etxeak antolatzen duen "Hautagaien Aurkezpenerako Peña" Ayacuchoko Jaiaren tradizioetako parte da. Martxoaren 8an, larunbat gauez, Euskal Odolaren egoitzak abegia eman zion "Txahalaren Jaiaren 51. edizioko erregina" titulua erdiesteko helburuz lehiatuko ziren 16 gazteak ezagutzera emateko ekitaldiari. Beste hainbat elkartetako ordezkarien artean aurkeztu zen Lucia Anesetti, Euskal Odolaren xingolarekin. 120 bat lagun bildu ziren, tartean Gustavo Taylor eta Javier Echauri, Txahalaren Jaia antolatzen duen Batzordeko presidentea eta presidenteordea, hurrenez hurren. Gaua Ciganda Fernández anaiek girotu zuten, eta EEko kideek prestatutako eta zerbitzatutako menua eskaini zuten.

Lauburua, 2025eko karrozaren leitmotiva

Joan den igandean, martxoaren 16an, Alarde Tradizionalistak zeharkatu zuen hiria, jaian gehien espero den ekitaldietako bat. Ordezkaritza kopuru ikaragarria bildu, eta Solanet Etorbidean barrena eginiko erakustaldi ibiltaria, eskualdeko sustrai gautxoei eginiko egiazko omenaldia izan zen. Kabalkadako parte paseatu ziren kargua uzten zuten erreginak eta erregina bisitariak, erreginetarako hautagaiak, mota guztietako elkarteeko ordezkariak, antzinako autoak, zaldi samaldak eta karrozak, besteak beste, 15 kaleko luzeradun desfile koloretsua osaturik, musika bandak lagun eta jendetza ederra ikusle.

Euskal Etxearen aurtengo karrozak lauburuaren irudia hartu zuen motibo nagusitzat. Alboetan ikurrina ugariz apainduta, eta bizkarraldea koroatzen zuen lauburu erraldoiaren buruetan margotuta ere erakutsiz, besaulki batean eserita, Ayacuchoko Euskal Odolako Lucia Anesetti erregina hautagaia zeraman. «Festa oso ona izan zen, oso pozik gaude. Talde osoak ederki, eta lan handia egin zuela aitortu behar dugu», laburbildu dio EuskalKultura.eus-i Euskal Odola elkarteko lehendakari Nilda Ilarreguik, ilusio handiz, Euskal Odolaren hurrengo ekitaldi eta konpromisoekin dagoeneko pentsaketan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia