Ayacucho, Argentina. Aurtengo Txahalaren Festa eta Xakitzearen Eguna bereziki gogoangarria izan daitekeela dirudi. Bost hamarkadako ibilbidearekin, martxoaren 10etik 17ra urrezko ezteiak ospatuko dituen jaialdiaren edizio berezi honetan ehunka mila ikuslek parte hartzea espero da. Prestaketak hasi dira eta laster, jaiaren iragarle garrantzitsua izan ohi den erregina izateko hautagaien aurkezpena gauzatuko da, Euskal Odola Euskal Etxeak antolatu ohi duen Peña. Euskal Etxeak, bere erreginagaia aurkezteaz gain, kabalkada tradizionalean hartuko du parte karroza handi batekin.
Immigranteen itsasontzia Erreginaren hautagaiarekin
Martxoaren 3an, igandea, 20:30etan hasita, Euskal Etxeak ateak zabalduko ditu “Hautagaiak Aurkezteko Peña”ra bertaratuko diren 150 pertsona pasexeei ongi etorria emateko. Bertan “Txahalaren Festaren 50. edizioko Erregina” titulua lortzeko lehiatuko diren 20 emakume gazte aurkeztuko dira, tokiko beste hainbeste erakunderen ordezkari. Oraingo honetan Nuria Giménez Fontana bazkide gaztea izango da Euskal Odolak izendatutako Erregina izateko hautagaia. Gogora dezagun 2015eko edizioan Ayacuchoko euskal komunitateko ordezkari Clara Islas lehiakideak irabazi zuela zetroa. Igandeko ekitaldian, kantina zerbitzua izango da, Euskal Odola-ko bazkideek prestatuko mokaduak zerbitzatuko dira eta bazkide den Gustavo Oscoz DJak girotuko du jaia.
Nuria Giménez Fontana, Euskal Odola Euskal Etxeko bazkide eta Txahalaren 50. Festako Erregina izateko hautagaia
Martxoaren 17an Solanet etorbidean barrena egingo den desfile erraldoian ere partaide izango da Euskal Odola. Lanean ari dira itsasontzi itxurako karroza bat aurkezteko, immigrazioa gai eta ardatz harturik, herria garatzerakoan izan duen garrantzia azpimarratzearren. Erregina izateko hautagaiaz gain, immigrante familia bat eramango du karrozak, Euskal Etxeko bazkide den Basterrechea familia. "Hori da gure asmoa. Ea lortzen dugun", diosku Euskal Odola-ko lehendakari Maria Nilda Illarreguik. Euren ahalegina eta dedikazioa ikusita, bistan da halaxe izango dela.