euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Auzolana' San Pedroko Gizataldeen Jaian: inguruko hainbat euskal etxe bertakoaren laguntzaile herriko festetan

2018/10/29

Ongi Etorri Euskal Etxea San Pedroko 2018ko Gizataldeen Jaian
Ongi Etorri Euskal Etxea San Pedroko 2018ko Gizataldeen Jaian

PUBLIZITATEA

San Pedro, Argentina. Urteko bere hitzordu nagusia izan du San Pedroko Ongi Etorri Euskal Etxeak urriaren 13tik 15era. Eta azken urteetan gertatu bezala 2018 honetan ere bertako euskaldunek ez diote bakarrik eutsi eurentzat garrantzitsua den hitzordu oihartzuntsu honi. Izan ere, gutxienez beste hiru euskal etxe izan dituzte lankide, esan nahi baita San Nicolaseko Euzkal Etxea, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat eta Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxea. Gizataldeen Festa hiru lekutan egin da: kalean, Udaleko Turismo Etxean eta Rafael Obligado Herri Liburutegian, eta hiruetan partaidetu dira euskaldunak.

Euskal sukaldaritza

Lana partekatu dute eta sukaldaritza arloan, standaz San Nicolaseko euskal sukaldari taldea arduratu da. Jai honetarako aukeratutako menua, txorizoa eta txistorra sagar erara eta arroza txipiroiekin; eta bi platerek paregabeko arrakasta bereganatu dute bertara hurreratu den publiko ugariaren artean.

Kultura Standa

Kultura Txokoa hiriko etxe zaharrenean funtzionatzen duen Turismo Etxean muntatu du Euskal Etxeak. Bertako aretoan Euskal Itsas Armadari buruzko erakusketa ipini zuen ikusgai eta baita euskal jatorrizko Edgardo ‘Yayo’ Altolaguirre margolariaren pintura bilduma ere. Bertan Euskara Txoko bat ere ezarri zuen eta hizkuntzaren informazioarekin batera, euskal abizenen, eta kirol eta jantzi tipikoen inguruko informazioa ere eskaini zuten Ongi Etorri-ko lagunek. Sanpedrotarrek ez ezik turista ugarik ere bisitatu zuten gunea.

Dantzak eta Gernikari buruzko hitzaldia

Urriaren 13an, larunbata, Festako agerleku nagusian egin zen dantza ikuskizunean Arrecifesko eta San Nicolaseko gazteek bermatu zuten euskal dantzarien presentzia. Eta, azkenik, 60 lagun bildu ziren igandean Rafael Obligado Herri Liburutegian Cesar Arrondok eskaini zuen hitzaldia entzuteko; topaketa berean ‘Yayo’ Altolaguirrek marketeriaz egindako ‘Guernica’ koadroaren kopia aurkeztu zuen. Altolaguirreren eskulana ikusgai geratuko da herriko Museoan.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia