euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Auzolana Patxi Bisquertek Pello Mari Otañoz egingo duen filma gauzatzeko: txartelak 10 euro, erosi duzu zeurea?

2021/07/02

Pello Mari Otañoren figura merezi duen lekura ekartzeko proiektua bultzatzen du Patxi Bisquertek (irudian) (arg Bertsolari.eus)
Pello Mari Otañoren figura merezi duen lekura ekartzeko proiektua bultzatzen du Patxi Bisquertek (irudian) (arg Bertsolari.eus)

PUBLIZITATEA

Zizurkil, Gipuzkoa. "Ombuaren itzala" du izena Patxi Bisquert-ek Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitzari buruz bultzatzen duen filmak. Gogora dezagun, Diasporari zinez lotutako Otaño (Zizurkil, 1857-Rosario,1910) pertsona erreferentziala izan zela bertsolaritzan eta bere garaiko euskal kulturan; eta ombua, itzal handia ematen duen Argentinako Pampako zuhaitz adierazgarria dela. Otañoren figura diasporikoa, bertsolaritzari eta euskara eta euskal kulturari egin zion ekarria [liburu eta bertso-paper egile, "Argentinako lehenengo euskara irakasle" eta Artzai Mutilla operaren idazle ere izan zen Otaño Argentinatik] merezi duen lekuan ipini nahi du filmak.

Plana momentu honetan, irailean Argentinan grabatzen hastea da, Buenos Airesko Laurak Bat-en eta Pehuajón

Otaño bezala, Zizurkilen jaioa da Patxi Bisquert, egun Errotzen, Arakil haran nafarrean bizi bada ere. Eguzki Art Zinema bere ekoiztetxearekin, Euskal Herrian barrena dabil egunotan proiektua aurkezten, sostengu bila. Bera izango da zuzendari eta Otaño zaharrari bizitza emango dion aktorea, Koldo Izagirreri zor zaion gidoiarekin, Otañoren azken hogei urteak, 1890-1910, hartu dituzte ardatz. Bisquertek gogor ekin dio aspalditik zeukan proiektu hau gauzatzeari (irakur honetaz EuskalKultura.eus-ek 2012an egin zion elkarrizketa) eta auzolan bidez finantziatu nahi du. Jarri duen erronka, 30.000 sarrera saltzea aurresalmentan, 10 euroan bakoitza, fisikoak zein birtualak.

Seguruenik Otañok maite izango zukeen proiektua auzolan bidez sustatzea, bertsolariak berak auzolanera jo baitzuen bere bizitzan behin baino gehiagotan, hala nola “Zerbait” liburua argitaratzeko edo 1898an familiarekin batera Argentinara itzultzeko. Bidegile izan baitzen Otaño, baita bertsotan aritzeko moduan ere, eta XIX. mende amaiera eta XX.aren hasiera bueltan hartan bultzatu zituen proiektuetan. 'Abentura' hauek eta beste batzuk kontatuko ditu filmak, besteak beste FEVAren (Federación de Entidades Vasco Argentinas) atxikimenduz. Plana irailean Argentinan grabatzen hastea da, Buenos Airesen (Laurak Baten-eta) eta Pehuajón, Patxi Bisquertek berak EuskalKultura.eus-i iragarri dionez.

Zeuk ere laguntzeko aukera daukazu: erosi hemen zure sarrera, 10 euro baizik ez dira. Otañok eta bera ikur duen gure Diasporak merezi dute!

-Dohaintzak egiteko kontua: ES84 3035 0120 9212 0001 4781
-Proiektuaren webgunea: https://xn--pellomariotaoauzolana-nbc.eus
-Proiektua Facebooken: www.facebook.com/ombuarenitzala.auzolana
-Proiektuarekin harremantzeko: +34 948 38 83 31 – +34 687 841 313 – pmirenabisquert@hotmail.es
-Elkarrizketa Bertsolari.eus-en gaiaren inguruan, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia