euskal diaspora eta kultura
2012/07/11
PUBLIZITATEA
Mexiko Hiria, Mexiko. Nevadako Elko herritik etorrita eta NABO North American Basque Organizations (Ipar Ameriketako Euskal Erakundeak, NABO) federazioak bertan egindako Biltzar Nagusira bildutako Kanada eta Estatu Batuetako euskal elkarteen ordezkarien aurrean mintzatu ondoren, Elkok National Basque Festival delakoaren baitan, igandetik dabil Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea Mexikon, euskarak bere normalizazio prozesuan eman dituen urratsen eta lan-esparru eta helburu dituen ezaugarrien lekukotasuna eta berri ematen foro eta jendaurre zein erakunde desberdinetan. Interesgarria zaie euskal eskarmentu hori Mexiko bezalako herrialde batean, non erraldoi pausoak eman behar dituzten oraindik bertako hizkuntza indigenek euren etorkizun normalizatuari behar bezala eusteko, adituen esanetan. Bereziki Ameriketako zenbait herrialde eta kulturen kasuan, kontuan hartzeko erreferentzia gisa ari dira hartzen Euskal Herriak hizkuntzaren normalizaziobidean daraman politika, tokian tokiko ezaugarri eta testuinguruak askotan erabat diferenteak badira ere. Aholkularitza lan horretan sinatuak ditu lankidetza akordioak, Txile eta Kolonbian, esaterako, eta bide honi ekin dio orain Mexikon.
Izan dituen elkarretaratze eta agerpenetan, Auzmendik euskararen kasua aipatu du, historikoki, abiapuntu eta bilakaera historikoak emanez, tartean Franco generalak joan den mendean Espainian boterea lortu zuenean euskararen kontra hasitako debeku eta jazarkundea aipatuz, gaur egunera helduz, Eusko Jaurlaritzak beste zenbait erakunde eta euskal eragilerekin batera daraman hizkuntza politikaraino helduz, euskararen ofizialkidetza, euskalduntzea babesten duten neurriak eta euskararen normaltasuna bultzatzea eta ardiestea helburu duten politikak sortu eta aplikatuz.
Mexikon eman dituen hiru egunetan Auzmendi sailburuordea Hizkuntza Indigenen Institutu Nazionaleko ordzkariekin eta Unibertsitate Iberoamerikarrekoekin bildu da, azken hau, gainera, eskaintzen dituen ikastaro eta ikasketen artean euskara eta euskal kultura dituen ikastetxea izanik. Auzmendi Mexiko hiriburuko Euskal Etxeko lehendakari Lourdes Arretxea eta bertako buruzagiekin eta Emprebask-Mexiko enpresaritza arloko elkarteko ordezkariekin ere bildu da; eta hitzaldia eman du, esaterako, Antropologia eta Historia Eskola Nazionaleko (ENAH) hizkuntzalarien aurrean, eta afaria partekatu du baita ere Euskal Etxeko bazkide eta lagunekin.
Sailburuak bat egin du bidaiaren Elkoko partean zein Mexikon Julian Celaya, Kanpoan diren Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendari Julian Celayarekin; eta bidelagun izan ditu bere saileko Xabier Zabaltza hizkuntza arloko aholkularia; Andoni Martin, Kanpo Harremanetarako teknikaria; eta Kinku Zinkunegi, HABEko teknikaria eta Euskara Munduan programako koordinatzailea. Mexikon egon den bitartean, Itzel Olague, Eusko Jaurlaritzaren Mexikoko Bulegoko zuzendaria ere laguntzaile izan du.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus