euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Autonomia Eraiki' hiritar taldeak Nazio Batuen aurrean defendatu zituen Iparraldeko euskaldunen eskubideak

2008/05/02

Autonomia Eraiki taldearen ordezkaritza New Yorken
Autonomia Eraiki taldearen ordezkaritza New Yorken

PUBLIZITATEA

Iparraldeko 'Autonomia Eraiki' taldearen ordezkaritza bat New Yorken izan zen joan den astean Nazio Batuen Herri Indigenen Foro Iraunkorrean (UNPFII) mintzatzeko. Bertan frantziar estatuari eskatu zioten sinatu duen Herri Indigenen Eskubideen Adierazpena errespetatu dezan. Taldekoen esanetan Iparraldeko euskaldunen egoera beste herri indigenen parekoa da eta beraz frantses estatuak adierazpenean defendatzen duen 'autonomia eskubidea' etxean ere errespetatu beharko luke. Taldeko kideek New Yorkeko Euskal Etxean ere mintzaldia eman zuten.
'Autonomia Eraiki' taldeko ordezkaritza batek 'herri indigenen' eskubideak errespetatzea eskatu zion frantses estatuari joan den asteko asteartean New Yorken, Nazio Batuen Herri Indigenen Batzorde Iraunkorraren (UNPFII) bileran. 'Autonomia Eraiki' 2007an sortu zen plataforma da, hiritarrek osatua eta autonomiaren aldekoa. Hiru taldek osatzen dute: 'Autonomia Eraiki', 'Herri Topa' eta 'Gazte Dinamika' eta bertan gazteak, artistak, enpresariak, irakasleak eta Iparraldeko hiritarrak batzen dira.

Ordezkaritzako kide batek batzordean azaldu zuenez, taldearen helburua 'estatu frantsesari nazioartean sinatu dituen konpromezuak betetzea' exijitzea zen, 'batez ere Herri Indigenen Adierazpenean azalduriko eskubideak, autodeterminazio eskubidea tartean'.

Nazio Batuen aurrean irakurri zuten testuak 'euskararen ofizialtasun eza' salatzen zuen eta baita ere 'nazioartean Iparraldearen errekonozimendu falta eta estatu frantsesak gure legezko eskaerei erantzunez erakusten duen mespretxu eta biolentzia'. Herri Indigenen batzordean Ekuador, Kanada eta Siberiako ordezkariek ere parte hartu zuten, besteak beste.

Mintzaldia Euskal Etxean

New Yorken egin zuten egonaldian 'Autonomia Eraiki' taldeko ordezkariak bertako euskaldunekin ere bildu ziren eta mintzaldia eskaini zuten Brooklyneko Euskal Etxean. Euren eskaeren nondik norakoak azaldu zituzten eta eztabaida aberasgarria sortu zen, Euskal Etxeko kideek Iparraldeko egoerari buruzko galdera asko egin zituztelarik. Ondoren Iparraldeko ordezkaritzak TOZ artistaren erakusketa aurkeztu zuen, euren proposamena azaltzen duten margoek osatua. Erakusketa Bluestocking Library aretoan (172 Allen Street) izan da ikusgai astean zehar.

[Goiko irudian TOZ artistaren erakusketa osatzen duten margoetako bat]


Lotura interesgarriak

Autonomia Eraiki taldearen bloga
http://autonomia.hautetfort.com

New Yorkeko Euskal Etxea
http://www.freewebs.com/basqueclub

Giro bikaina New Yorkeko Aberri Egunean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko apirilaren 1ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia