euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Autodeterminazioari buruzko hitzaldia eta 'Lagun Onak' Integrazio Proba asteburu honetan Pergaminon

2013/09/18

2013ko Integrazio Probako korrikalariek jantziko duten nikia (argazkiaEE)
2013ko Integrazio Probako korrikalariek jantziko duten nikia (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Urteroko hitzorduari huts egin gabe, kirol arropa jantziko dute datorren igandean Pergaminoko Lagun Onak-eko kideek Buenos Aires probintzia argentinarreko hiri honetan burutuko den Erdi Maratoian parte hartzeko. Baina korrika egitearekin batera, beste ardura bat hartuko dute beren gain euskal etxekoek ekitaldi honetan: ‘Lagun Onak’ Integrazio Proba antolatzea. Erdi Maratoia irailaren 22an izango da, goizeko 9etan, San Martin Udal Parkean. Hau ez da, ordea, euskal etxeak asteburu honetarako daukan gonbite bakarra. Ostiralerako mintzaldia iragarri du, Eugenia Cruset eta Cesar Arrondo hizlari.

Pergamino, Argentina. Bi gonbite luzatu dizkio azken egun hauetan Pergaminoko euskal etxeak bere komunitateari. Alde batetik, Eugenia Cruset eta Cesar Arrondo La Platako Unibertsitateko irakasleen bisita jasoko du Lagun Onak-ek ostiralean, irailaren 20an. ‘Irlandarrak eta euskaldunak, autodeterminazio eta bakearen artean’ izenburuko hitzaldia emango dute, bi nazio hauen egoerak alderatuz. Hitzordua iluntzeko 8etan da, erakundearen egoitzan, 9 de julio kaleko 835ean. 

Bigarren proposamena bestelakoa da eta etxetik kanpo burutuko da, igande goizean. Deialdia ekitaldi orokorrago baten barruan gauzatuko da eta Pergaminoko Udalaren eta hiriko Elkarte Atletikoaren babesa du.

Hiriak urtero antolatzen du ‘Nuestra Señora de la Merced’ izeneko Erdi Maratoia, irailaren amaieran. Eta urtero bezala, haren barruan aurten ere egingo da ‘Lagun Onak’ Integrazio Proba Erdi Maratoiaren zati garrantzitsu gisa, euskal etxearen ardurapean. Proba ez da lehia orokorrean sartzen eta edonor aurkez daiteke, adin eta kategoria mugarik gabe. Hori dela eta komunitate osoari luzatzen dio gonbitea euskal erakundeak, batez ere familiak eta ahalmen berezidun pertsonen partaidetzarako deia eginik.

Kirol ekitaldia igande goizean –goizeko 9etan– hasiko da Pergaminoko San Martin Udal Parkean eta parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago dagoeneko. Jaialdia bukatu aurretik, euskal etxeko dantzariek 'Aurresku' eta 'Fandango' eskainiko dizkiote bildutako jendeari.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia