euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Australian, North Queensland Basque Club-ek 20 urte bete ditu eta festa eta topaketa berezi batekin ospatuko du

2023/07/02

North Queensland Basque Club-aren egoitza Aitkenvale parkean Townsvillen eta Euskal Etxearen 20. urteurreneko kartela
North Queensland Basque Club-aren egoitza Aitkenvale parkean Townsvillen eta Euskal Etxearen 20. urteurreneko kartela

PUBLIZITATEA

Townsville, Australia. North Queensland Basque Club-ek 20 urte bete ditu aurten, 2003ko urtarrilean hasi baitziren Townsville eta eskualde zabal honetako euskaldunak biltzen —batzuk Euskal Herrian jaio eta bertara migratutakoak eta beste batzuk dagoeneko australiar jaioak— aspalditik amestutako proiektu bat gauzatzearren, baina bereziki bertako euskal-australiar talde batek Boiseko 2000ko Jaialdia bisitatu zuelarik akuilatuta. Talde hartan zegoen Joe Goicoechea, proiektuak hasieratik babesle gogotsu izan zuen australiar euskalduna, Australiako Ayr-era bost urte zituela gurasoekin Lekeitiotik iritsia eta Australian hazi eta bizia egindakoa, oso arrakastatsu gainera... euskaltasuna batere ahaztu gabe, hizkuntzatik hasita. Haren lekukoa hartuta —2020ko apirilean hil zen— segitzen dute lanean bertako euskaldunek Euskal Etxea biltzaile dutela.

Gaur igandea ospatuko dute North Queensland Basque Club-eko lagunek euren 20. urtebetetzea. Ospatu ere elkarretaratze eta ospakizun berezi batekin, modu alai eta herrikoian, paella bat eta beste zenbait kutixi partekatuz Euskal Etxea inguratzen duen parkean (53 Sabadine St. Aitkenvale, Townsville). Hitzordua goizeko 10:30etan ezarri da, euskal egoitzan, eta antolatzaileek euskal jantzi tradizionalez janztea, zuri-gorri-berdez, edota txapelak, gerrikoak edota lepokoak eramatea eskatu diete hala egin dezaketenei.

Egun gogoangarria parkean

Sarrerak 30 dolar australiarreko prezioa izango du bazkideentzat, 35ekoa bazkide ez direnentzat eta 10ekoa ikasleentzat. Kronograma aberats eta jolasgarria prestatu dute, tartean direla jateko mundiala, paella eder bat, pintxoak eta postre itzelarekin, musika eta dantza, jolasak, indar jokoak, 'zezenen' aurrean korrika egitea —urtero sasoi honetan bezala Sanferminak ere ospatuz— eta baita propio prestatutako euskal kultur erakusketa batekin ere.

Zorionak, eta beti aurrera, North Queensland-eko euskaldunak!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia