euskal diaspora eta kultura
2008/12/25
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Zorion desioak igortzen aurreratu zen lehena, Argentinako hiriburu federaletik, Buenos Aires-ko Cristina Cordara izan zen, musikazale eta kantaria. Euskaraz eta gaztelaniaz "Gabon eta Urte Berri On" esateaz gain, ingelesez, frantsesez, portugesez eta italianoz ere esaten digu, eskuz eta koloretan. Beste christma eleaniztun batean, gauza bera egiten dute hiriburu argentinarreko Alkartasuna abesbatzakoek. Buenos Airesetik ez urrun, Santa Fe-ko Rosariotik, bertako Zazpirak Bat Euskal Etxekoak Olentzeroren irudiak lagunduta, "Zorionak eta Urte Berri On" diote. La Platatik, berriz, "2009an zuen proiektu eta gurari pertsonalak bete eta gure Euskal Herriak normalkuntza politikoa eta bakea lor dezala" desiratzen du Cesar Arrondok. Donostiatik ere antzeko zerbait aipatzen du Erein argitaletxetik jasotakoak: "Eguberri on eta 2009 zoriontsu bat" opatuz.
Gasteiztik datorkigu Buesa Fundazioaren desioa, 'perseberantzia' eta 'itxaropena'ren garrantzia aipatuz eta "bizikidetza" eta "askatasunezko bakea" lortzeko beharrezkoa den lana aldarrikatuz. Argentinako Chacabucotik 'Mundo Vasco', aldizkaria egiten dutenen izenean agiantzarik onenak bidaltzen dituzte. Donostiako Fomentotik "datorren urte hobea" eta "proiektuz beterikoa" desio dizkigu Olatz Fernandezek. Santa Fe hiri argentinarretik, bertako Gure Etxea Euskal Etxeak, Eguberria eta urte Berri festak direla-eta bere "zoriontasun desio adierazpide"rik zintzoena. Argentinarra --Necocheakoa-- baina duela jada urte dexentedanik Errenterian bizi dena da Julitxu Gysling Zubillaga laguna, kantari eta irakaslea. Marrazki original batez helarazi ditu bere desio onak.
VILLEGAS, 9 JULIO, MONTEVIDEO, CONCORDIA, BILBO, BRUSELA...
Gipuzkoako Foru Aldunditik, Agustin Arostegik "Gabon zoriontsuak" opa dizkigu, eta Donostiatik baita ere, Zientziaren KutxaGunea Museoko Elena Rosalesek zorion klik egiteko bat, izar ibiltaria eta pantaila-babesle bat opari eta guzti. Argentinako General Villegas herritik, Hector Alfredo Urquiza aktoreak, Urte Berri On baten desio bidali eta eskerrak ematen ditu Villegasen egin zuen poesia emanaldirako EuskalKultura.com-ek eman zion laguntzagatik. Buenos Aires probintziako 9 de Julio herritik, Elene Kortejarenak Jai zoriontsuak opa ditu, Donostiako Orfeoia 'Maite' kantua kantatzen ari dela. Uruguaitik, Montevideoko Euskalerria Euskal Etxeak, Olentzeroren irudi pipatzailearekin batera, "Urte zahar, urte berri, bizitzak ere igerri, dugun onena, garen onena, opa diogu elkarri" esaldiarekin agurtzen du.
Santa Fe herri argentinarretik, Mari Carmen Lasartek "Gabon Zoriontsuak eta 2009 ezin hobea!" bidaltzen du, ikurriña eta bandera argentinarraren babespean. Espainiako Valentziako Centro Vasco Navarro Euskal Etxetik "Zorionak eta Urte Berri On" hitzal errepikatzen dira. Dianak, Donostiatik, jai zoriontsuak opa ditu, eta hitz horiexekin gauza bera egiten dute EuskoNews-Gaztea-ko lagunek. Euskal Herritik atera gabe, baina Bilbotik, Xabier G. Argüello lagun kazetariak "krisiak sendoagoak egingo gaitu, zorte on eta urte berriak lanean harrapa gaitzala..." diosku, ohiko desioekin batera. Bruselatik, bertako Euskaldiren Ordezkaritzatik, Camila de Epaltza nekaezinak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, neerlanderaz eta ingelesez igortzen dizkigu agurrak. Eta Entre Rios probintzia argentinarreko Concordiako 'La República de Entre Ríos' egunkaritik "2009 Zoriontsua" hitz soilez, bi txanpain-kopa topa egiten ari direneko irudiaren gainean.
BERLIN, MEXIKO, NEW YORK, MIAMI, SAN JUAN, TXILEKO SANTIAGO...
Berlinetik, hiri germaniar horretako Cervantes Institututik dute idazten, "2009 Urte Zoriontsua" desiatuz gaztelaniaz eta alemanez, esan nahi baita Frohes Neues Jahr 2009. Mexikotik, ostera, Juan Ramon Uriarte Galván-ena da gutuna, optimista, hitz hauekin "2009a orain artekoa legez izan dadila, oso arrakastatsua profesionalean, eta satisfazio handikoa pertsonalean". New Yorketik, Guillermo Zubiagak idazten du "Zorionak eta Urte Berri On" titulupeko mezua, Olentzeroren argazki eta irudiez osatua. Ormaiztegi herri gipuzkoarretik, Zumalakarregi Museoak bidalia da postala. Errenteriatik, Eresbil Euskal Musika Artxibo Nazionaleko lagunek. Eta Zamudioko Liburutegitik, Amagoia Guezuragak, "Onak izan!" aholku edo gurariarekin.
Miamitik, Floridatik, Boni Guenecheak Happy New Year eta gisakoak luzatzen ditu, eta eskerrak ematen dizkie joan den astean Miamiko Euskal Etxean egin zuten Eguberri festan partaide eta kolaboratzaile izan zirenei. Andeen magaletik, San Juan probintzia eta hiritik, bertako Euskal Etxeko Carina Oyola Alvarez-ek bidaltzen du gabonetako postala. Txileko Santiagotik Patricio Legarragak, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Donostia 2016. urtean Europako Kultura Hiria izendatzearren lanean ari den Batzordeak ere hau bidali digu, eta Deia digitalak ohiko "Gabon zoriontsuak opa dizkizuegu" dioen mezua. Iruñetik, Euskara Kultur Elkarteko lankideenak dira asmo eta desio onak. Uruguaiko Montevideotik, Yinamaria Ymiras-ek atzera begiratu "eta hazten lagundu diguten" gauzak atxiki eta eginiko "hutsak berriro ere ez egiten ikas dezagun" desio digu, "bakea, poza eta maitasuna" desiatuz.
LA PLATA, CHASCOMUS, MADRIL, EZPELETA, POSADAS, SYDNEY...
La Platatik, Elena Bilbaok helarazten dizkigu bere agurra eta dio onak eta Irun/Lesakatik gauza bera egiten du Julian Iantzi telebista aurkezle eta, aldi berean, Kaliforniako Diasporan jaiotako lagunak. Argentinako Chascomúsetik, Pedro Mauregui Larranda zuzentzen zaigu, "Eguberri ona" opatuz eta "proiektuak gauzatuko diren 2009 urtea" desiatuz. Gasteizko Krea arte espresio garaikideko kideek ere halaxe dioskute, eta Madrilgo Luis Manuel Pe-Mentxaka txistulari eta urte askotan Estatu Batuetako Udalekuetako txistu irakaslea izen zenak "nire agiantzarik onenak, Gabon eta Urte Berri On 2009" esaten digu. Lapurdiko Ezpeletatik, berriz, duela guti Argentinan ibilia den Maialen Errotabehere kantariak, "egun on" xinple bat igortzen digu, "milesker eta laister arte" batekin bukatuz.
Posadas-etik, Iguazú-ko Urjauzietatik hurbil, Misiones probintzia argentinarrean, Ioseba Gorostidi da idazten diguna, agiantza eta desio on ugari zintzilik edo dilindan dauzkan zuhaitz bat bidaliz. Hegoalderako joanez, Pedro de Aguirre-renak ditugu Carhué-tik Pamap Hezetik hartutako desirak. Brasilgo Sao Paulo-tik, berriz, Bernard Otondo baztandarraren eta bere emazte Teresaren mezua jaso dugu, zorionak eta our best wishes bidaliz, itsasontzitik ateratako argazki eder batekin batera, 'Itsas Bazko' izenpean. Argentinako Concordia hiritik, Mariano Silva-Torreak gutun oso bat igortzen du, asmo eta itxaropem¡n berekin. Euskal Herriko Loiola-tik, Loyola Mediaren postalak Zorionak eta Urte Berri On esaten digute. Australiako Sydney-tik, ostera, Carlos Orue Recartek, bertako Euskal Etxetik, uda eta eguzki eguraldi hondartzaria daukan postala bidaltzen du, zorion eta urte berri desio onekin batera.
BUENOS AIRES, NECOCHEA, JUAN LACAZE, NECOCHEA, CHINO...
Buenos Aires-tik, FEVA euskal etxeen federazioak, Olentzeroren irudiarekin eta euskara txukunean "Gabon zoriontsuak izan ditzazuela eta Urte Berria ezin oparoagoa izan dadila zuentzat" diosku. Argentinatik ere, Salvador Oriak "Eguberrio On eta Urte Berri zoriontsua" desio dizkigu. Bera Elko-koa bada ere (Nevadan), orain bizi den Miami-tik idazten digu Mercedes Mendive lagun musikariak, azaroan jaio duen Nekane alabaren berri pozgarria emanez. Harek guri Zorionak eta guk hari Zorionak bereziak, Mercedesi, Nekaneri eta Mercedesen senar eta Nekanaren aita den Fernando Lejardi, lehen pilotari eta orain pilotari eta aita, proud father, denari. Argentinako Rosariotik, Euskal Etxeak, christma berri bat bidaltzen digu, eguberri arbola eta Olentzeroren arfgazkiekin, erdian Euskal Herriko harmarria. Buenos Aires probintzia argentinarretik, Necochea-ko Euzko Etxeak Olentzeroren irudi zorion-desiatzaile bat helarazten digu.
Uruguaiko Juan Lacaze herritik, bertako euskal etxea zutitze lanean ari diren taldeko lagunek diote "gure agur onenak" har eta " harremanari eutsi diezaiogun, euskal etxeetan kultura eta garapena suspertuz". Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxetik edo Centro Vasco Frances-ere deitua den hortarik, Norma Rios kultur eragilearen "Gabon eta Urte Berri On" mezua jaso dugu, euskal etxe horretako Olentzero eta Kultur Azpibatzordeko kideak biltzen dituen argaki batez lagunduta. Buenos Airesetik bertatik, Eusketxe edo Eusko Kultur Etxeko kideen zorionak ere hartu ditugu, baita EA-Argentinako kideenak ere. Estatu Batuetako Chino herritik, NABOren "very Merry Christmas" desioa bidali digu John Ysursak.
(segituko du)
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus