euskal diaspora eta kultura
2009/12/31
PUBLIZITATEA
Sydney, Australia. Bidaia egiteko ideia Sydneyko Euskal Etxeko igande bateko bazkariaren ondoren atera zen eta hogeita hiru pertsona bildu zituen guztira, guztiak Sydneyko Gure Txokoko kideak, nahiz eta berez ez zen Euskal Etxeko ekintza bezala antolatu, egun hartan bertan zirenen ekimen bezala baizik. Taldea, urriaren 2an, ostiral goizez, abiatu zen, hegazkinez, eta 5ean, astelehen arratsaldez itzuli, baliatuz astelehen hura jai zela Sydneyn, eta egunak ahalik eta hobekien probestearren.
[Sydneyko euskaldun taldea Townsvilleko Euskal Etxean]
[Kylie eta Ruben Alvaro, Sydneyko Euskal Etxeko lehendakaria, Townsvilleko Totorika familiakoekin berbetan]
Bidaiaren asmoak, Townsville hiria eta Australia iparrekialdean dagoen Queensland Estatua bisitatzea, North Queensland hain zuzen --Townsville da North Queenslandeko hiriburua--, duela mende bat eta gehiagotik hasita, eta XX. mendeko 60. hamarkadako erdialdera arte Australiako euskal presentzia historikoa izan duen eta euskaldunak azukre-kainaberan lan egitera emigratzen zuten eskualdea. Batzuk, bertako euskaldunak ezagutzera, eta beste batzuk, garai bateko adiskidetasunak berritzera. Ez ahaztu 1.700 bat kilometrotara daudela Sydney eta Townsville.
[Harrera, arreta eta abegikortasuna anai-arreben tamainakoa izan zuten Sydneyko euskaldunek Queenslanden]
[Townsvilleko euskaldunek paella goxoa prestatu zuten behar bezalako harrera egokia egitearren. Ez pentsa arrasto handirik geratu zenik]
Sydneyko Maria Rosa Amezagak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, taldeak Townsville, Ingham, Trebonne eta Ayr bisitatu zituen, Australiako azukre-kainabera landa-lur zabal itzelak dauden eremuak. "Lau eguneko bisitak ez zuen balio izan soilik bi taldeen artean adiskidantza sortzeko, baita ere baizik nagusienen ahotik euren Queenslandeko garaietako pasadizoak entzuteko, bertan baitago euskaldunen Australiako historiaren zati garrantzitsu bat. Ez da ahaztu behar, euretako batzuk euskara baizik ez zutela egiten berba Antipodetara etorri zirenean", dio Maria Rosak.
[Etxe partikularretara ere gonbidatu zituzten bisitariak, irudian agertzen den Kontxik (erdian), esaterako, hala egin zuen, familia arteko moduko bilkura izan baitzen]
[Queenslandeko euskaldunekin hain lotuta egon den azukre-kainaberarekin lotua, azukre errota edo eihera bat bisitatu zuen Sydneyko euskal taldeak]
"Geure adiskide euskaldunek eskaini ziguten arreta eta abegikortasuna", esaten du harrerari buruz galdetutakoan, "gogoangarri eta ahaztezinak izan ziren eta betiko geldituko dira guztion bihotzetan. Nire ustez hau izan da lehenengo elkarretaratzea Sydney eta Queenslandeko euskaldunen artean Queenslanden, Ipar alde honetako euskaldun batzuk izanak baitira aurretik inoiz Sydneyn bisitari".
[Azukre-kainabera nola erretzen duten ere ikusi ahal izan zuten, azalpen guztiak emanik]
Esker ona adierazi nahi diete harrera lanetan ibili, lagundu zuten eta egunak eurekin pasatu zituzten guztiei, eta ez dute galdu nahi EuskalKultura.com-ek ematen dien aukera hau. "Esker bizi-biziak eman nahi dizkiogu bereziki Amaia Uberuagari, bisita antolatzen eta koordinatzen egin zuen lan bikainagatik, ostatuak erreserbatzen, eta abar, irribarrea beti ezpainetan. Tristezia apur bat sentitu genuen, gomuta gogoangarrien artean, hegazkinak lurra utzi eta Townsvilleri agur esan behar izan genionean", bukatzen du Maria Rosa Amezagak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus