Brisbane, Australia. Zortzi bat urte dira Australiak ez duela ordezkaririk igortzen Euskal Gizataldeen arteko Museko Mus Txapelketara eta, aurten, egoera horri aurre egin nahirik, "edizio zubi bat" muntatu da, Australia mailako txapelketa bat antolatu eta bikote ordezkari australiar bat joan ahal izan dadin Mundukora. Txapelketa Brisbanen egingo da, maiatzaren 27an, deitzaile direla hiriko TASSCA, Townsville-ko Basque Club of North Queensland eta Sydney-ko Gure Txoko Basque Club. Edozein muslariak parte hartu ahal izango du, banaka izena emanik.
Australiako txapela bereganatzen duen bikoteak urrian Txilen jokatuko den mundu mailakoan Australia ordezkatzeko eskubidea izango du, "nahiz eta aurten behintzat, zubi urtea dugun honetan, norberak bere patrikatik ordaindu beharko duen bertara joateko bidaia", esan diote antolatzaileek EuskalKultura.eus-i. "Munduko Txapelketara joatea ez da nahitaezkoa, eta irabazleek ezin badute gastu hori beren gain hartu, hurrengo sailkatuengana pasatuko da ordezkariak topatu arte". Nolanahi ere, antolatzaileek beren esku dagoen guztian laguntzen eta errazten saiatuko direla adierazi dute.
Garaiz zaude izena emateko
Australiako txapelketak 32 bikote izango ditu gehienez, eta izena emandako ordena segituko da. Maiatzaren 27an, larunbata, jokatuko da, 14:00etan hasita, Brisbanen (New Farm Neighbourhood Centre). Kuota, $19.00 (bazkideak), $24.00 (bazkide ez direnak). Antolakundea saiatuko da bikote-laguna aurkitzen izena emateko unean taldekiderik ez dutenei. Hamarrekoak eta tapeteak dituztenei eramatera animatzen zaie.
-Informazio gehiago eta izen-ematea online, hemen
-2023ko Australiako Mus Txapelketako arautegia
Kontsultak eta xehetasunak Irenerekin (0474 206 938) edo Rubenekin (0408 103 000) harremanduz.