Townsville, Australia. Famili giroko topaketa ederrean ospatu zuten uztailaren 2an, igandea, North Queensland-eko euskaldunek euren euskal etxearen 20. urteurrena. Ekitaldia aire zabalean egin zen, North Queensland Basque Club-en Townsvilleko egoitza inguratzen duen parke eta berdegunean, barnean zein kanpoan, eta berrehundik gora lagun bildu zituen, zaharrena 96 urteko Felisa Azpiri muxikarra, eta gazteena, 10 bat eguneko Storm neskato txikia, ama, gernikar jatorriko Erika, eta aita Maakirekin bertaratua, Townsvillera aldatu berriak.
Eguna gogoangarria izan zen, euskal-australiar hiruzpalau belaunaldi partaide, edo zehatz-mehatz esate arren, "partaide zirela 171 pertsona heldu, 29 ikasle eta nerabe, eta 15 ume", Euskal Etxeko lehendakari Pedro Mendioleak EuskalKultura.eus-i zehatz eta zorrotz adierazi bezala. Gehienak Australian jaioak, bertara emigratutako euskaldunen ondorengoak, eta baita belaunaldi emigranteko kideak ere, eta EEko kideen lagunak, zenbait nazionalitatetakoak.
Euskal Etxeko lehendakari Pedro Mendiolea urteurren festara bildutakoei hizketan
North Queensland-eko Euskal Etxearen 20. urtebetetze festako zenbait irudi (argazkiak NQBC)
Townsvilleko alkate Jenny Hill andereak ere hartu zuen parte ekitaldian, "duela 10 urte, elkartearen 10. urteurrena ospatu genuenean bezalaxe", argitu digu Pedro Mendioleak. Bildutakoei luzatu zizkien hitzetan, udaleko lehen hautetsiak zorionak eman zizkion euskal komunitateari egiten duen lanagatik Australiaren identitate multikulturala mantentzearren. Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxeak ere zorionak, eta opari bat ere bidaliz nahi izan zuen bat egin 20. urteurreneko saioarekin.
Eguneko egitaraua, 10:30etan abiatu, eta iragarritako kronogramari segituz garatu zen: 11:30etan pintxoak zerbitzatuz eta eguerdia heldutakoan alderdi 'zeremoniatsuagoari' ekinez, alkate anderearen eta EEko lehendakariaren hitzekin eta diskutso ofizialekin eta, nola ez, urteurreneko tarta zatikatuz. Ohorezko aurreskua ez zen faltatu eta haur dantzariek ere polito dantzatu zuten, besteak beste Zazpi Jauzi eta Danborrada donostiarra, Jimmy Jausororen bertsioan, Boiseko Lael Uberuaga irakasleak irakatsi ohi moduan. Bazkariaren txanda —paella eder bat— ordu batean iritsi zen. 'Running of the bulls', edo entzierroen itxurako jolasaldiarekin haurrak izugarri laketu ziren. duen
Euskal zeremonia ekitaldi batean ezin falta ohorezko aurreskua. Eskerrik asko, Ainara!
Txinga probak espektazio handia piztu zuen Euskal Etxe ondoko parkean
Maaki Onekawak bereganatu zuen txinga txapelketa, Euskal Australiar Alkarteak emana eta Euskal Herritik propio eramana. Irudian Maaki Onekawa txapela eskuetan emazte Erika eta alaba Storm-ekin
Eus
Erakusketa ere muntatu zuen, familiei euren etxeetako euskal gauzak eskatuz, Bego Bengoak
Propio muntatutako kultura erakusketa Euskal Etxeko idazkari eta diruzain den Bego Bengoaren lana izan zen. Eta txalotu beharrekoak dira ekitaldian parte hartu zuten dantzariak, eta Ainara, haurrei dantzetan trebatzen egindako lanarengatik. Herri kirol alorrean, nabarmentzekoa Maaki Onekawa —Storm-en aita— geratu zela txinga probetan txapeldun. Irabazle-txapel handia Euskal Herrian egindakoa zen eta maletan eraman zuen Euskal Herritik Tere Gabiola, Euskal Australiar Alkarteko lehendakariordeak, urtebetetze-ospakizunekin bat eginez. Ororen buru, azpimarratzekoa hainbat jenderen talde-lanari zor zaiola egunaren arrakasta, eguraldia ere lagun, Queensland iparraldeko neguko egun gogoangarrian.
Zorionak eta eskerrik asko lagundu eta parte hartu zuten guztiei, aurrekoengandik jasotako euskaltasunaren lekukoa belaunaldi berriei pasatzeko ahaleginetan ari zaretenoi. Eutsi gogor, Townsville!