euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Australia: Euskal murala inauguratuko dute North Queensland-eko Trebonne hirian bertako frontoi historikoaren baitan

2022/11/25

Ideia ederra izan dute North Queensland-en, bihar inauguratuko dituzten margo eta zainketak egitean Trebonneko euskal pilotalekuan
Ideia ederra izan dute North Queensland-en, bihar inauguratuko dituzten margo eta zainketak egitean Trebonneko euskal pilotalekuan

PUBLIZITATEA

Trebonne, Australia. Euskal murala deitu dituzten pilotari margoak inauguratuko dituzte larunbat honetan, azaroaren 26an, North Queensland-eko Trebonne-n, hiriko euskal pilotaleku historikoaren baitan, North Queenland Basque Club euskal etxeak antolatu duen ekitaldian. 2001eko uztailaren 27az geroztik Queenland-eko Ondare Erregistroko parte den frontoiari buruzko liburuak ere egongo dira bertan erosgai, gaia ikertu duten Bianka Vidonja Balanzategui eta Barbara DeBono egile.

Euskal Herritik Australiara azukre-kainabera mozteko emandako emigrazioaren erakusgarri gutxietako bat da frontoia. Trebonneko izen bereko hotelak, jabe italiarrak bazituen ere, hoteleko lurretan eraiki zuten, bezeroetako kopuru esanguratsua emigrante euskaldunak baitzituen, hotelak hauen astiaren lagungarri ahalbideraturik, euskal komunitateko kideak babesle eta sustatzaile. 1959ko azaroaren 28an inauguratu zuten.

Bi euskal etxea daude gaur egun Australian aktibo, Sydney-Darlinghurst (Gure Txoko Basque Club) eta Townsville (North Queensland Basque Club) oinarri. North Queensland, eta bereziki Ingham eta Trebonne ingurua —elkarrengandik zortzi kilometrora daude—, euskal emigraziogune izan ziren eta bertara biltzeko deia egin da larunbatean, goizeko 11etatik aurrera bertan ongietorria eman eta euskal ondarea ardatz izango duen ekitaldia egingo baita, plaka bat desestaliz, euskaldunak elkartuz eta mokadu bat partekatuz.

Euskal ondare material eta immateriala identifikatu, ikertu, bildu, gorde eta sustatzeko ahalegina ari da ematen azken urteotan Australian euskal jatorriko australiarren artean eta baita Australiatik atzera Euskal Herrira itzulitako emigranteen eta bertan jaiotako euskal jatorridunen artean ere, William A. Douglass-en lana eta beste zelai-lan batzuk akuilu, baina bereziki azken aldian Bizkaian (Euskal Australiar Alkartea) eta Nafarroan (Asociación Navarra Boomerang Australia Elkartea) sortu diren Australiari lotutako elkarteen  agerpenarekin.

Trebonneko ekitaldian Bianka Vidonja Balanzategui eta Barbara DeBono-ren frontoiari buruzko lana erosgai egongo da, eta manatu ahal izango da.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia