Berlin, Alemania. Bihar apirilaren 26a da, Francisco Franco general faxista espainiarraren aliatu ziren alemaniar eta italiar hegazkinek Gernikako bonbardatu zuten 85. urteurrena. Berlingo euskal etxeak, Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein e.V.-ek., asteburuan egingo ditu sarraskia gogoratzeko antolatu dituen bi ekitaldiak: ostiralean, apirilaren 29an, Sebalden "Austerlitz"en euskarapena aurkeztuko du eta larunbatean, 30ean, urtero egin ohi duen lore-eskaintza gauzatuko du Berlin-Zehlendorf-eko Guernica-Platz-en.
"Austerlitz"en euskarazko itzulpenaren aurkezpena, ostiraleko 19:30etan egingo du hiriburu alemaniarreko Polnischen Versagen Klubean.
Larunbateko 16:00etan, berriz, Gernika Plazatxo-ko edo Guernica-Platz-eko ekitaldia. Bertan, hegazkin-eraso kriminalaren biktimak gogoratuko dira, loreak utzi eta Wolgang Borcherten "Orduan gauza bakarra dago! Esan Ezetz!"poema errezitatuko da, musika lagun.
Euskal etxeko berlindarreko lehendakari Ainhoa Añorga Osak azpimarratu dio EuskalKulturari bi ekitaldiak partaidetza librekoak direla eta hirian egon daitezkeen euskaldunak, lagun alemaniarrak eta publikoa oro daudela gonbidatuta.