euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurtengoan 554 titulu berri eskainiko dituen Durangoko Liburu eta Disko Azoka bihar hasiko da, 'umorez'

2007/12/04

Durangoko Azoka egiten den Landakoko pabilioiaren gaineko ikuspegia. Bihar zabalduko ditu ateak 42. edizioak (argazkia Goiena.net)
Durangoko Azoka egiten den Landakoko pabilioiaren gaineko ikuspegia. Bihar zabalduko ditu ateak 42. edizioak (argazkia Goiena.net)

PUBLIZITATEA

Bihar zabalduko ditu ateak Durangon Euskal Liburu eta Disko Azokaren 42. edizioak. Umorea gai nagusitzat hartu duen edizio honetan 161 argitaletxe, elkarte, disketxe eta erakunde bilduko dira 317 stand-etan banatuta, horietatik 14 teknologia berrien gunean. Hortxe aurkitu ahal izango da Euskalkultura.com eta hortxe eskainiko ditu Diasporako irudiak, materiala eta informazioa. Bisitak oro ongi etorriak izango dira, beraz nahi duenak badaki nora jo dezakeen azokaratzen denean.
Ohi bezala, lehenengo egunean irakasle eta ikasleentzako izango da bereziki Azoka. Asteazkenean, ateak irekitzen diren egunean, ikastetxeen bisitak jasoko ditu Durangoko Azokak. Inaugurazio ofiziala, ostera, arratsaldeko zazpietan egingo da Andoni Agirregomezkorta ETBko Vaya Semanita telebista saioko aurkezlearen eskutik. Bere hitzaldia edo partaidetza umore ukituz egingo duela pentsa daiteke, umorea baita izan ere 42. edizioak hautatu duen gai nagusia.

Bertsolaritzak ere izango du bere lekua Durangon eta Fredi, Xabier eta Itxaso Paia anai-arrebek eta Unai Elorriagak “Oroimenaren Lupa” izeneko bertso musikatuen bertsio berria aurkeztuko dute. Zazpiak Batman Kolektiboak bestalde “Laster Master: Inkomunikazioaren ikastaro azkarra”-ren azken emanaldia eskainiko du eta Txalo produkzioak antzerkia ekarriko du Azokara, “Sommer jaunaren Istorioak” antzerkiaren estreinaldiarekin.

Argizaiola saria, Lapurdiko Maiatz literatur aldizkariarentzat

Arazoak izan dituzte Georgiatik atera eta Euskal Herrira etortzeko euren bisatuekin hasieran gonbidatuta zeuden bi idazle georgiarrek, Nugzar Tsikaluri eta Tamar Ebralidze-k. Beraz, ordezkaritza georgiarra beste bi idazlek osatuko dute, David Turashvili eta David Magradze-k. David Magradze momentuan Italian dago eta bertatik etorriko da, kultura ministroa izan zen eta Georgiako ereserkiaren letra-egileetako bat. Larunbatean eskainiko dute hitzaldia, Azokako Elkartegian. Egun berean Gerediaga elkarteak “Durangoko argizaiola” saria emango dio Maiatz aldizkariari San Agustín Kultur Gunean.

Musika alorrari dagokionez, azpimarratzekoa da “Euskal Greatests Hits Gaua”, Durangaldeko bederatzi musika taldek euskal kantuen bertsioekin egingo duten kontzertu-maratoia. Horrez gain, Plateruena Kafe Antzokian Potato, Petti, Surfin Kaos, UEK, Mikel Urdangarin, Ken 7 eta Gose bezalako taldeez gozatzeko aukera eskainiko dute Durangoko Azokako egunek.

Haur literatura

Aurtengo ediziorako aurrekoetan baino Haur Literatur Areto dinamikoagoa prestatu da. 180 metro karratu atondu dira bi eta hamabi urte bitarteko haur eta gaztetxoek euren lekua izan dezaten eskulanak egiteko, ginkanetan lehiatzeko, euskarazko karaokean kantatzeko edota ipuin kontalarien saioetan parte hartzeko. Azken egunean gainera, Olentzerok eskutitzak jasoko ditu eta horietatik bat aukeratuko du eskatutakoa etxera bidaltzeko.


LOTURA INTERESGARRIAK

Durangoko azokako webgunea
www.durangokoazoka.com

Gerediaga Elkartea, Azoka antolatzen duen elkartea
www.gerediaga.com

EuskalKultura.com-en presentzia aurtengo edizioan
Euskalkultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 17an

EuskalKultura.com-en iazko presentziaren argazki kronika (erd.)
Euskalkultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 14an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia