euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurtengo Kilometroak jaian parte hartu nahi duzu baina ezin Azpeitiara etorri? Egin zure metroa interneten!

2011/06/21

EuskalKultura.com-ek 208. metroa du Azpeitiko Klikmetroaken (argazkia Euskalkultura.com)
EuskalKultura.com-ek 208. metroa du Azpeitiko Klikmetroaken (argazkia Euskalkultura.com)

PUBLIZITATEA

5.930 metro ditu urriaren 2an Azpeitian egingo den Kilometroak jaiaren ibilbideak, eta antolatzaileek, bertara etorri ezin diren euskaltzaleak gogoan, sarean jarri dituzte, nahi duenak --birtualki bada ere-- bere metrotxoa egin dezan. Ekimenaren izena Klikmetroak da eta e-mailez, Facebook bidez edo Twitter kontutik har daiteke metroa. Doan gainera. Metro bakoitzarengatik zenbait babeslek dirulaguntza emango diote Ikasberri ikastolari, aurtengo antolatzaileari, alegia. Euskalkultura.com-ek 208. metroa hartu du; har ezazu zurea denak bukatu baino lehen!

Azpeitia, Gipuzkoa. Urriaren 2an Azpeitiako Ikasberrik antolatuta egingo da Kilometroak, Gipuzkoako Ikastolen jaia. Eguna heldu bitartean, eta antolakuntzan laguntzeko dirua biltzeko asmoz, ekimen ederra abiarazi dute jaialdiaren arduradunek: Klikmetroak.

Ideia sinplea bezain deigarria da: sarean jarri dituzte ibilbidea osatzen duten 5.930 metroak eta jendeak internet bidez hartu ahalko du berea. Bertaratu ezin dutenentzat Kilometroaken egoteko aukera bikaina da, birtualki bederen. Sustatu.com webgunearen bidez izan dugu ekimenaren berri eta Diasporako euskaldunentzako xarma berezia izango duelakoan gaude. Bada, parte hartu nahi duenak bizkor ibili beharko du, metro guztiak bukatu baino lehen!

Metroa hartzea oso erraza da. Bi bide daude:

-Formulario bat bete argazki bat, izen-abizenak, e-posta eta Kilometroakekin zerikusia duen mezuarekin.

-Facebook edo Twitter kontuaren bitartez, modu bizkorragoan. Twitter edo Facebook bidez egiten denean, erabiltzailearen sare sozialetan ekimen honetan parte hartu duela dioen mezua agertuko da. 

Babesleak metro bakoitzeko

Erabiltzaile bakoitzak metro bat bakarrik hartu ahal izango du, ekimenean ahalik eta lagun gehienek parte hartzeko aukera izan dezaten. Metro bakoitzak bere babeslea izango du eta babesle horrek diru-laguntza emango die antolatzaileei. Babesle bakoitzak bere neurriko babesa eskainiko dio ekimenari: batzuk 10 metro babestuko dituzte, beste batzuk 100. Babesleen artean, Berria taldea, Noticias de Gipuzkoa, Domusa eta beste hainbat agertzen dira. Oraindik ere ekimen honetan babesle gisa parte hartzeko epea irekita dago. Interesa duenak antolatzaileekin jarri behar du harremanetan. 

Klikmetroak webgunea eta aplikazioa CodeSyntax enpresak garatu ditu, Django sistemaren gainean.  Hartutako metro guztiak ikusteko hiru modu eskaintzen ditu webguneak: zerrenda moduan, aurpegia eta mezuak ikusteko aukerarekin; aurpegi edo irudiz osatutako mosaiko moduko batean edo ibilbidearen beraren gaineko mapan kokatuta.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia