Chacabuco, Argentina. Irailaren amaieran hasi zuen bere ibilbidea hogeita lagunek osatutako taldeak eta ondo baino hobeto pasa zuten Guillermo Larregui euskal etxeko lehendakaria den Pablo Pavesak prestatutako programarekin. Pavesak azaldu duenez, “bidaia primerakoa izan zen baina hobea oraindik jendearengandik jasotako erantzunak. Esker oneko hitzak baino ez genituen entzun bidaian zehar eta bueltatzean”, azpimarratu digu..
Hori guztia gogoan, Argentinara itzuli bezain laster, bidaia berria hasi da antolatzen euskal etxea, oraingoa 2016ko irailerako. “Proposamena aurtengoa bezalakoa izango da; Iparraldeko zein Hegoaldeko leku esanguratsuenak ezagutuko ditugu taldeka, eta egun batzuk libre ere izango dituzte bidaiariek, paseatzeko edota euren ahaideekin elkartzeko. Xehetasun gehiago, urtarrilean; izan ere, lehenengo bilera urtarrilaren 19rako deitu da, euskal etxean , gaueko 9etan; beraz interesa duten guztiak gonbidatuta daude”, adierazten du Guillermo Larregui-ko presidenteak. Zerrenda, ordea, hasia da osatzen eta hamabost bat lagunek eman dute izena dagoeneko, diosku Pavesak.
Aurtengo esperientzia errepikatze aldera
Garai ederra da udazkena Euskal Herria bisitatzeko eta horrela egingo dute datorren urtean ere chacabucotarrek. Aurtengo bidaiari dagokionez, bi astetan zehar luzatu zen eta beste batzuen artean, honako lekuak bisitatu zituzten: Bizkaian, Bilbo, Gernika, Bermeo eta Gaztelugatxe; Gipuzkoan, Donostia, Hondarribia eta Tolosa; Nafarroan, Baraibar eta Iruñea; eta Lapurdi-Iparraldean, Donibane Lohizune, Biarritze, Ezpeleta, Azkaine eta Sara.
“Paregabeko momentuak bizi izan genituen bidaian eta poz-pozik gaude; baina badago azpimarratu nahi dudan beste gauza bat. Taldean euskal etxeko edo euskal gizataldekoa ez ziren lagun asko zeuden eta horiek liluratuta geratu ziren Euskal Herriarekin. Are gehiago, ahoz aho doa bidaiaren berri eta hurrengo bidaiarako b atere euskal jatorririk ez duten hainbat pertsonak ere eman dute izena. Horrek onurak baino ez ditu ekarriko kolektibitatearentzat eta euskal etxearentzat, bidaia egiten dutenak berehala hasten baitira euskal etxeko ekintzetan parte hartzen”, azaldu du Pavesak.