euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVAren 2011ko egitarauari jarraituz, dantzariei zuzendutako 2. tailerra egin da Argentinako Villa Maria-n

2011/07/14

Villa Mariako Dantza Tailerrean parte hartu duten neska eta mutilak (argazkia EE)
Villa Mariako Dantza Tailerrean parte hartu duten neska eta mutilak (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Maiatzaren erdialdera Tandilgo Gure Etxea-n burututako ikastaroari jarraipena emate aldera, 2011ko bigarren dantza tailerra egin zen Cordoba probintziako Villa Mariako Euzko Etxea-n. FEVAk antolaturik, bi eguneko ikastaroa eman zieten Bahia Blancako Union Vasca euskal etxeko koordinatzaileek Arrecifes, Cordoba, Macachin, Mendoza, Rio Cuarto, Rosario eta Villa Mercedes-etik propio bidaiatutako gazteei. Testuinguru horretan, Cesar Arrondok Euskal Herriko kulturari buruzko hitzaldi bat eskaini zien euskal etxeetako ordezkari gazteei. Aurtengo hirugarren eta azken tailerra, Chascomus-en izango da, urriaren 1 eta 2an.

Villa Maria, Argentina. Argentinara migratu zuten euskaldunek ezin izan zuten normalean beraiekin gauza handirik ekarri, ez haltzari edo gisa horretakorik. Hala ere, bihotzaren barnean euskarak berak eta euskal dantzek lekutxo bat aurkitu zuten Ozeano Atlantikoa zeharkatu eta herrialde berrian errotzeko. Argentinako herri askotako euskal etxeetan hazten doa euskararen oihartzuna eta ikus ditzakegu gaur egun euskal dantza taldeak eta jaietan haien ikuskizunez goza.

Izan ere, dantzariek buru belarri egiten dute lan urte osoan kalitate handiko piezak eskaini ahal izateko eta FEVAk lagundu egiten ditu gazteak formakuntza areagotzeko Dantza Tailerren bitartez. Aurtengo lehenengo tailerra Tandilen, Buenos Aires probintzian, burutu zen maiatzean, eta programarekin jarraitzeko, Villa Mariako Euzko Etxean, Cordoba probintzian, egin da bigarrena joan den uztailaren 2 eta 3an.

FEVAko II dantza tailerra 2011 01

[Villa Marian egindako tailerrean irakasleak eskolak ematen (argazkia EE)]

Ordezkaritzak larunbat goizean heldu ziren Euzko Etxea-ra eta gosaldu bezain pronto ekin zioten lanari. Arrecifes, Cordoba, Macachin, Mendoza, Rio Cuarto, Rosario eta Villa Mercedes-eko hamabost neska-mutiko eta Villa Mariako bertako hogeita bost txiki eta gaztek hartu zuten parte ekitaldian. Irakasleek, Bahia Blancako Josetxu Astolfi, Manuel Irastorza eta Lorenzo Bucci izan ziren eta klase teoriko eta praktikoak eskaini zituzten. Alde batetik, Euskal Herriko herrialde bakoitzeko dantzei buruzko xehetasunak azaldu zituzten, eta bestetik koreografiak nola egin ere erakutsi zuten.

Iluntzean, berriz, dantzariek Euskal Herriko kulturari buruzko hitzaldi bat entzuteko aukera izan zuten. FEVAko hizlari den Cesar Arrondoren eskutik, euskaldunen historian murgildu ziren. “Euskal etxeetako kideak euskal kulturaren enbaxadoreak dira eta horri dagokion arduraz jokatu behar dute”, azpimarratu zuen La Platako Unibertsitateko irakasleak.

FEVAko II dantza tailerra 2011 02

[FEVAko lehendakaria den Ricardo Basterra (erdian txapela buruan) Villa Mariara hurreratu zen eta hitz batzuk zuzendu zizkien dantzariei (argazkia EE)]

Larunbatean afaria eskaini zieten euskal etxeko kideek gonbidatuei eta igande goizean ikastaroarekin jarraitu zuten. Azken klaseetan, gaur egungo dantzaz eta dantza tradizionalei buruzko hainbat ikuspuntu plazaratu eta mahaigaineratu zituzten ikasle eta irakasleek . “Ekintzaren balantzea oso ona izan da. Parte hartutako gazteak nahiz euskal etxeko kideak oso gustura geratu gara”, adierazi diote Villa Mariako Euzko Etxea-tik EuskalKultura.com-i.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia