Boise, AEB. Covid-19aren pandemiak zinez bitxi bihurtu duen 2020 honetan, Boisen ez da posible izan, besteak beste, abendu oro tradizionala den "Sheepherder's Ball" (artzainen dantzaldia) festa, enkante eta dantzaldi ongile historiko famatua egitea, bertako Euskal Etxean, hiriko Oinkari dantza taldekoak antolatzaile. Hala erabaki dute, izan ere, argi izan dutelako alferrikako arriskuak hartzea merezi ez duela eta arduratsu jokatu beharra dagoela, bereziki hurkoak eta inguratzen gaituztenak, familia, adinekoak-eta gogoan, alkartasun eta maitasunez.
Gabonaren aurreko azken larunbat honetan behar zuen egina, baina data, hala ere, ez dute Oinkariek oharkabean pasatzen utzi nahi izan. Xanti Alcelay teknika lanetan buru, bideo ikuskizun bat grabatu dute, bestela ospatzeko, baina eguna behintzat gogoan gordetzeko, euskaldunen izpirituak oso-osorik segitzen baitu, gogoz eta indartsu, testuinguru hobe baten bila.
Nahi duenak dohaintza bat eginez lagun dezake, Oinkari.org edo BasqueCenter.com-en. Eskerrik asko!
Bideoa egin dute (kredituak):
-"Lekeitio" kantua: jotzaile Dave Lachiondo eta Sean Aucutt ('Basque Music of Boise' CDtik)
-"Eskerrak zuri, Oinkari!" bertsoak, Todor Azurtza Sorrondegi
-Oinkari dantzariak, Ben Monasterio, Kirk, Mendive, Mikel Sangroniz, Ben Whitehead, Jaclyn Lasuen, Isana Urquidi, Amaya Monasterio, Jill Kaltenecker
-Oinkari gazteak, Mateo Franzoia, Sophia Wolfe, Teagan Phay, Breken Frank, Desi Peters, Nekane Arrubarrena, Matea Berria, Maialen Goyhenetche, Elise Overgaard
-Edizioa, Xanti Alcelay
-Musikaria (txistua, trikia...), Teresa Franzoia
-Amuma Says No musika taldea, Jill Aldape, Dan Ansotegui, Sean Aucutt, Rod Wray, Mich Deffries, Aaron Atkins
-Sukaldaria, Jesus Alcelay
-Tabernaria, Julian Lete
-Editorea, Xanti Alcelay