euskal diaspora eta kultura
2014/07/03
PUBLIZITATEA
Iruñea-Pamplona. Bertan dira aurki 2014ko Sanferminak eta Iruñea eta Lesakan nabari da dagoeneko kaleetan festa bezperako ilusio eta zirrara berezia. Diasporan ere makina bat euskal etxetan emozio handiz bizi dute jaia eta asteburuan bertan ekingo diote ospatzeari; askok, gainera txupinazoari aurrea hartuko diote!
Londresen, esaterako, London Basque Society elkarteak larunbatean egingo du festa eta urtero legez, "entzierro" eta guzti gainera! Benetazko zezenik ez da izango, baina ondo pasatzeko gogorik ezta faltako, eta Londresko euskaldunek Oxford House egoitzaren inguruetan halamoduzko entzierro saioa egingo dute. Ondoren, London Fields parkean errekia eta festa izango da.
Piknika Kanadan
Kanadako British Columbia estatuan, Vancouverreko "Zazpiak Bat" Euskal Etxeak piknik bat egingo du larunbatean Hume Park delakoan. Menuan, txorizoa eta marmitakoa, eta ondoren, jarduera ugari: igeriketa, tenisa, haurrentzako jokoak eta ur-parkean dibertsioa nahi adina.
Hegoalderako, Venezuelan, Carabobo-Valenciako Euskal Etxeak ere larunbatean egingo du San Fermin festa. Coromoton izango da ekitaldia, eguerdiko ordubatetatik aurrera.
Aurreneko "Sao Firmino"
Brasilen aurten aurrenekoz ospatuko du San Fermin Sao Pauloko Eusko Alkartasuna euskal etxeak, eta jaiari izen brasileiroa jarri diote: '1ª Festa de Sao Firmino'. Igandean egingo dute, Gernika Kuttun egoitzan (R: Angelo Montecilli, 270), goizeko hamaiketatik aurrera. Egitarauan, astebeteko festak egun bakarrean bizitzeko aukera: txupinazoa, bazkaria eta "Gaixua ni".
Australian Sydneyko Gure Txokok ere igandean egingo du festa. Elkarteko jai egun nagusienetakoa da eta giro bikaina izan ohi da urtero. Bazkideak gogotsu agertu dira eta orain egun batzuk agortu ziren bazkarirako tiketak.
Caracasen entzierroa zezen eta guzti
Mexikon, Dfko Euskal Etxeak datorren larunbatean, uztailaren 12an egingo du festa. Menua Surimia artoarekin, salda, "Iruñeako xerra" delakoa, eta pastela eta izozkiak.
Amaitzeko, Venezuelan Caracaseko Eusko Etxeak ere datorren larunbata arte atzeratuko du osapkizuna, baina mereziko du, zalantzarik gabe; izan ere, elkarteak azken urteetan benetako entzierro eta guzti ospatu ditu San Ferminak. Aurten ere, ohitura behar den moduan beteko dute: hasteko, santuari hiru aldiz abestuz, gero entzierroa korritzen -- Tribiño ganadutegiko hiru zezen-- eta amaitzeko bazkaria. Aurreko edizioetan entzierroak dozenaka argazki eta pasadizo gogoangarri utzi ditu Eusko Etxean, batez ere zezenetako batek ibilbidetik ihes egin eta elkartean barrena aske ibili zenekoa! Aurten zer gertatzen den ikusteko irrikaz gara!
Munduko nafar etxeetan, nola ez, egun handiak izango dira datozenak eta hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu dituzte, esaterako, Bartzelonan, Madrilen, Logroñon, Zaragozan, Burgosen, Sevillan, Valladoliden eta Santander-en, esaterako. Informazio gehiago, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus