Necochea, Argentina. Egun osoko ekintza antolatuko dute igande honetan Euzko Etxea-ko lagunek 19. Korrika ospatzeko. Helburua, Euskal Herritik ia 11.000 kilometrora dagoen hiri honetako euskaltzaleak ere euskararen alde mugitzen direla erakustea. Hori dela eta, deialdi zabala egin dute necocheatarrek iganderako: “Pinolandia etorbidetik aterako gara, bizikletaz, patinetan, oinez, kotxez eta korrika! adin guztietako jendea animatu ahal izan dadin. Udara luzatu denez eta kristoren eguraldi ona egiten duenez... parkean eta hondartzan egitea pentsatu dugu”, azaldu dio euskal etxeko euskara irakasle den Maite Bilbaok EuskalKultura.com-i.
Hitzordua, beraz, goizeko 11etan, Pinolandia eta 10. etorbidean. Korrika bukatutakoan, otordua partekatu dute bildutakoek Miguel Lillo Parkean.
70. urteurrena, ‘ohiko euskal jai modura”
Oso urte berezia izango da aurtengoa Necocheako euskal gizataldearentzat bertako euskal etxeak 70 urte beteko baititu apirilaren 15ean. Urteurrena ospatzeko, "antzinakoak bezalako jai bat" antolatu dute Euzko Etxea-ko kideek, zuzeneko musika eta guzti. “Txikiak gineneko giroa sortu nahi dugu; eta etxea fundatu zuten garaiko musika egiteko hiriko orkestra etorriko da jotzera”, jakinarazi digu erakundeko kide den Kiti Zubillagak.
Urtebetetze afaria apirilaren 18an izango da, eta gonbitea komunitate osoari luzatzen zaio. Menua, pintxoak eta pontxea, haragia patatekin eta postrea izango da. Informazio gehiago eskuratzeko, Euzko Etxea-ko idazkaritzarekin jarri behar da kontaktuan centrovasconecochea@yahoo.com.ar helbidean.
Aberri Eguna
Urtemugarena ez da izango, ordea, Euzko Etxeak apirilean ospatuko den gauza bakarra. Izan ere, Aberri Eguneko programa ere plazaratu dute necocheatarrek. Hona egitaraua: apirilaren 4an, goizeko 11etan: meza, Santa Maria del Carmen elizan; 12etan, lore eskaintza, Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean; 12:30etan, Txikiteoa, euskal etxean.
Eta Necocheako lagunek etxean garatzen dituzten aktibitateen inguruan azken abisua: martxoan zehar, euskara, dantza, umeentzako Euskal Pilota eta saskibaloi klaseak hasiko dira berriro ere 58 eta 65 kaleen izkinan dagoen egoitzan.