euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurten bere 20. urtemuga ospatuko duen Rio Cuartoko Gure Ametza EEak urte osoko egitaraua plazaratu du

2014/02/19

Rio Cuartoko Gure Ametza euskal etxearen azken buletina (argazkiaEE)
Rio Cuartoko Gure Ametza euskal etxearen azken buletina (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

1994an sorturik, bi hamarkada daramatza Cordoba probintzia argentinarreko Gure Ametza euskal etxeak euskal kultura sustatzen Rio Cuarton eta eskualdean. Urtez urte egindako lanak bere fruituak eman ditu eta arrazoi onak baino hobeak dituzte gaur egun bertako lagunek euren kopak jaso eta topa egiteko. 20. urteurren afaria urriaren 18an egingo dute, etxearen egoitza berrituan. Urtean zehar, baina, orain artean ohi dituen proposamenez gain, esan nahi baita euskara klaseak, tabernak, paella salmentak, zine emanaldiak, hitzaldiak eta buletinaz gain, urteurreneko bereziak ere egin eta plazaratuko ditu.

Rio Cuarto, Argentina. Gure Ametza euskal etxean elkarturik, lan handia egin du azken hogei urteotan Rio Cuarto hiriko euskal gizataldeak gizartean leku bereizia irabazte aldera. Eta lortu ere lortu du. Izan ere, Euskal Herria Plaza, Leonardo Favio Kultur gunean burutzen diren euskal zine emanaldiak eta Rio Cuartoko Unibertsitatearekin garatzen dituen ekintzak, euskal etxeak komunitatearekin duen lankidetza harremanen isla dira. Puntu hauekin batera, aipatu behar da harrera paregabea dutela euskal etxeak eskaintzen dituen beste hainbat proposamenek, hala nola, paella salmentek –gogora dezagun iazko ekainean 450 bat zati saldu zituztela– eta oro har kultur ekintzek.

Kari horretara, erakundeko agintariek dezente lehenago kaleratu nahi izan dute 2014ko egitaraua, “parte hartu nahi duen inork gal ez ditzan 20. urteurreneko urteko ekintzak”.

Udako oporrak pasata, Euskara klaseak martxoan hasiko dira. Pablo Cufre irakaslearen eskutik, heldu eta txikientzat izango dira. Izena emateko epea irekita dago eta emailez (gureametza2012@gmail.com) edo telefonoz (0358 462 4651) kontaktatuz egin daiteke. Martxoan ere, 14an hain zuzen, urteko lehenengo taberna burutuko da gaueko 10etatik aurrera. Lehenengo paella salmenta, ordea, ekainaren 15ean izango da eta biandak eguerdian egongo dira prest. Uztailaren 20an Lagunaren Eguna ospatzen da Argentinan. Euskal etxeak bat egingo du ospakizunarekin eta 'txokolatea eta tea' eskainiko ditu arratsaldean bere egoitzan. Egun batzuk geroago, abuztuaren 10ean, Gure Ametza-ko sukaldariek berriro ekingo diote lanari urteko bigarren paella salmenta gauzatzeko.

Urteroko ohiturari jarraituz, gainera, 2014 honetan ere ikusi ahal izango da euskal zinea Rio Cuarto hirian. Maiatzean Kimuak bildumako laburmetraia hautuak proiektatuko dira Leonardo Favio Kultur Gunean. Irailaren 18an, berriz, zine dokumentalaren emanaldi bat burutuko da erakundearen egoitzan.

Baina urteko topaketa nagusia, dudarik gabe, euskal etxearen 20. urterrena ospatzeko egingo den afaria izango da. Hitzordua, urriaren 18rako finkatu da, gaueko 10etan, egoitzako aretoan. Eta mugimendu handiko urtea, mugimendu handiarekin bukatuko da. 2014ko azken taberna abenduaren 12an izango da eta urte amaierarekin batera Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da.

Hamaika jarduera eta gustu guztietarako proposamenak gauzatuz ospatuko du bere 20. urtebetetzea Rio Cuartoko euskal etxeak. Beti ere, “bazkide sortzaileak gogoan eta gure euskal etxea altxatu eta sendotzen lagundu diguten lagun guztiak oroimenean”, adierazi dute batzordeko arduradunek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia