Arrecifes, Argentina. Pandemiak sortutako krisia erabat gaindituta ez badago ere, osasun-egoera egonkor samarra dago gaur egun Arrecifesen eta horrek aukera berriak ematen dizkie hiriko elkarteei, tartean kultur erakundeei. Protokolo zorrotzari jarraituz, topaketa batzuk hasi dira antolatzen eta horietako bi Euskal Etxean izango dira, biak asteburu honetan. Gaur, Liburutegiaren 30. Urteurrena ospatuko dute; igandean, berriz, bilera egingo dute, datorren urtean izango den Euskal Etxearen mendeurren jaiaren antolaketa hizpide..
Gaurko kultur ekitaldian, “Lucio Echaniz” Liburutegiaren eta EKE-Eusko Kultur Etxearen 30. urteurrena ospatuko dute. Ospakizunean Juan José Opizzik Visita Guiada eleberria aurkeztuko du Laureano Pintos, Leo Gabilondo, Ariela Bolzan, Diego Amaya eta Juan Pablo Mujica adituak lagun. Sarrera libre eta doan izango da, beti ere protokoloa errespetatuz.
Igandeko proposamena ezberdina da. Izan ere, dei berezia oso egin nahi die Euskal Etxeak azken mende honetan zehar Euskaldunak Denak Bat-eko parte izan direnei. Datorren urtean, otsailaren 19an hain zuzen, 100 urte beteko baititu ‘La Vasca’ izenarekin ezaguna den Elkarteak eta jaia ahalik eta bazkide eta lagun gehiagoren artean antolatu nahi baitute. Bilera arratsaldeko 7etan izango da, Euskal Etxearen egoitzan.
Informazioa sareetan joango da eguneratzen, Centro Vasco Arrecifes – Euskaldunak Denak Bat (Facebook) eta @centrovascoarrecifesedb (Instagram).