Donostia-San Sebastián. Urtebete pasa eta gero zinez baldintzatuta segitzen dute mundu osoko euskal etxeak euren egunerokotasunean. Baina baldintzatuta segitu arren, jarraitzen dute, irmo, urteroko euskal ospakizun nagusiekin bat egiten. Aberri Eguna Pazko Igandean ospatzen da, aurten apirilaren 4an, eta Euskal Etxeak hamaika ekintza ari dira prestatzen data oharkabean gera ez dadin: hitzaldi eta topaketa birtualak, janari salmentak eta kasu batzuetan, elkarretaratzeak elkarteko egoitzan. Euskal Herrian bezala, gainera, ikurrinak leiho eta balkoietara ateratzeko deia ere egin da "munduko euskaldunen euskaltasun sentimentu sakona" agerian utziz.
Honakoak Aberri Eguna ospatzeko munduan egingo diren deialdien arteko batzuk baizik ez dira:
Argentina
Argentinako euskal etxe batzuek janari salmentak antolatu dituzte Aberri Eguna eta Aste Santurako. Hona datuak erreserbak egiteko: San Nicolaseko Euzkal Etxea, Pergaminoko Lagun Onak, Gral. Rodriguezko Eusko Aterpea, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak eta Saladilloko Itxaropen.
Cañuelasko Denak Bat-ek ezin izan du aurten antolatu duela 15 urte Aberri Eguna ospatzeko egiten duen Dantzarien Topaketa. Horren ordez, abesbatza, musika eta dantza izango dituen proposamen birtuala prestatu dute.
Cordoba probintzian, hiriburuko Gure Txokoa Euskal Etxeak Aberri Eguna ospatzeko deia egin du; eta Villa Mariako Euzko Etxeak Aberri Eguneko bazkaria egingo du apirilaren 11an. Informazio gehiago, hemen.
Necocheako Euzko Etxeak, hiriko Gernikako Arbolaren aurrean ekitaldi sinboliko bat egitera deitu du 12:00etan musukoak jarrita eta tarteak gordeta.
Brasil
Sao Pauloko Eusko Alkartasunak bere egoitzan ospatutako Aberri Egunetako argazkiak biltzen dituen bideo bat sareratuko dute igandean bertan.
Peru
Limako Euskal Etxeak programa birtual hau prestatu du: Elkartearen hitzak, euskal dantzak, hitzaldia: “Peruko euskaldunen eta euskal jatorrizko jendearen hiztegi historiko-biografikoaren handitzea”, argazki erakusketa eta afari birtuala. Hitzordua apirilaren 8an da, iluntzeko 8etan. Trujilloko Euskal Etxeak ere bere bazkide eta lagunei deia luzatu die Aberri Eguna ospatzeko.
Txile
Santiagoko Euzko Etxeak Elkartearen agurra sareratuko du igandean sare sozialetan.
Uruguai
Montevideoko Haize Hegoak adierazi digu Euskal Aberriari buruzko hitzaldi bat eta jolas interaktiboa egingo dituela igandean bertan. Parte hartzeko informazioa, hemen.
Venezuela
Caracasko Eusko Etxeak ere egingo du bat aurtengo Aberri Egunarekin modalitate birtualean. Igandean Aberri Eguneko Meza eta ‘Coral Alaiak’ abesbatzaren emanaldia transmitituko dituzte sare sozialetan. Caraboboko Eusko Etxeak ere urteroko gogo eta atxekimendu handiz ekingo dio Aberri Egunari.
Japonia
Asian ere ospatuko dute Aberri Eguna. Gari Ortigoza lehendakari berriaren esku, bideo bat prestatuko dute Tokioko Euskal Etxeko lagunek.