euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurreskua, abesbatza eta plaka oroigarriak Cnel. Pringlesko Eusko Biltzar euskal etxearen 25. urteurrenean

2015/09/10

Juan J. Olasagastia Eusko Biltzar-eko lehendakaria euskal etxearen 25. urteurren jaian (argazkia EE)
Juan J. Olasagastia Eusko Biltzar-eko lehendakaria euskal etxearen 25. urteurren jaian (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Hiriko euskal gizataldeak deituta, lagun ugari bildu ziren Coronel Pringlesko euskal etxean erakundearen 25. urtebetetzea ospatzeko. Zeremonian, Eusko Biltzar-en historia eta sortzaileak gogoratzeaz gain, elkarteak gaur egun egiten duen lana ere nabarmendu zuen instituzioak, abesbatza eta dantzariak ere partaide. 

Coronel Pringles, Argentina. Coronel Pringlesko euskal etxeak, Buenos Aires probintzian, abuztuaren 7an ospatu zuen bere 25. urtemuga. Elkarretaratzeari hasiera emateko, batzordeko idazkaria den Mary Ibargoyenek hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari eta horren ostean Beti Dantzari dantza taldeko Matias Casalek Aurreskua dantzatu zuen.

Zeremonian aurrera bi plaka desestali zituzten erakundeko ordezkariek. Alde batetik, Juan J. Olasagastia lehendakariak, Abel de Uriartek, Berta de Zabalak eta Martha Larralde de Iriartek desestali zuten euskal etxearen sortzaileen omenezko plaka. Ondoren, Eusko Biltzarrak erosi arte lokalaren jabea izan zen Pedro Mariezcurrenaren omenez, beste plaka oroigarri bat inauguratu zuten euskal etxeko kideek eta kasu honetan Mariezcurrenaren seme-alabek, Delia, Oscar, Julia eta Patriciak, izan zuten desestaltzeko ohorea. Bi plakek Nestor Mendiondo apaizaren bedeinkapena jaso zuten.

Programarekin jarraituz, Juan J. Olasagastia lehendakariak euskal etxearen historiari buruzko hitz batzuk esan eta esker beroak luzatu zizkien instituzioko parte izan diren eta diren guztiei. Berarekin batera, Cnel. Pringlesko alkate Carlos Orestek ere hartu zuen hitza, hiriaren ekitaldietan euskal etxearen partaidetza gailentzeko.

Jaia ixteko, Eusko Alaia etxeko abesbatzak bere errepertorioko kantu batzuk abestu zituen eta bukatzeko, euren kopak altxatu zituzten bildutakoek urtemugaren alde topa egiteko.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia