Bere aitzinaldea, goiko pisuetan ari da berritzen Gure Ametza, baserri forma emanez. Euren txokoa edo ‘taberna tematikoa’ izatea dute xede eta pixkanaka indar handia eta dirutza ari dira jartzen Rio Cuartoko euskal etxeko lagunak proiektua gauzatu ahal izateko. Egun hauetan, obratan dago egoitza eta ondorioz azaroan ez da bertan ekintzarik antolatuko. Abenduan, ordea, atzera datoz ekitaldiak Gure Ametzan, Euskararen Eguneko jaia eta Urte Amaierako festa ospatzeko.
Rio Cuarto, Argentina. Ehun mila peso jaso zituen irailean Gure Ametzak Cordoba probintziako gobernutik eta diru-laguntza horrekin eta erakundeak berak sortutako baliabideekin berritze lan handiak ari dira egiten instituzioaren egoitzan. Hasteko, etxeko hiru solairuetako kanpoko hormak entokatuko dira eta bi leiho irekiko zaizkio eraikinari lehenengo pisuan. Bigarren etapa batean, etxeko txokoa eraikiko da eta hirugarrenik solairuko leihoei euskal baserrietakoen itxura emango zaie.
Euskal etxetik azaldu digutenez, “aspaldiko ametsa da berritze lan hau egitea eta probintziatik jasotako laguntza oso lagungarria izan zaigu. Diru horri baina, guk geuk sortutako baliabideak –euskal etxeko kideen lanaren emaitza– erantsiko dizkiogu ezinbestean. Lagundu diguten lagunei, beraz, esker beroak adierazi nahi dizkiegu”, azpimarratu dute Gure Ametza-ko agintariek.
Etorkizunari begira, beste erronka bat dute cordobatarrek. “Hau bukatu eta gero, hirugarren pisuko teilatua ere egin behar izango dugu eta badakigu ahalegin handia izango dela. Baina ziur gaude orain arte izan den bezala, goigor lan eginez eta lagunen babesa tarteko egin ahal izango dugula”, baieztatu dute.
Azaroan zehar, eta lanak aurrera doazen bitartean, ez da egoitzan ekintzarik antolatuko. Abenduan, berriz, egoitza ohiko programetara itzuliko da eta urteroko dei eta hitzorduak garatuko dira. Izan ere, abenduaren 4an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da Gure Ametzan; Euskararen Tabernara delakoa gaueko 10etan da eta pintxoak, edariak eta euskal musika eskainiko zaizkie gonbidatu eta lagunei.