Puerto Madryngo Etorritakoengatik Euskal Etxeak antolaturik, Viedma-Patagones, Comodoro Rivadavia, Neuquen (Comahueko Euskal Etxea), San Martin de los Andes eta Puerto Madryn bertako euskal erakundeetako ordezkariek hartu zuten parte Patagonia Argentinarreko Euskal Etxeen II. Topaketan. Partaideen balantzea ezin hobea da eta datorrenaren egoitza eta data aukeratu dute dagoeneko: hirugarren Topaketa Neuquenen izango da, 2017ko apirilean, Comahueko Euskal Etxea antolatzaile.
Puerto Madryn, Argentina. Gonbitea irailaren 23tik 25erako izan bazen ere, Patagonia Argentinarreko Euskal Etxeen II. Topaketaren ekintza nagusiak larunbatean, 24an, izan ziren. Antolatzaileez gain, beste lau euskal etxe bertaratu ziren bilkurara: Viedma eta Carmen de Patagones hirietako euskal gizataldeak biltzen dituen Beti Aurrera Aberri Etxea, Neuquengo Comahueko Euskal Etxea, San Martin de los Andesko Euskal Txokoa eta Comodoro Rivadaviako Euskal Echea elkartea. Barilocheko Mendiko Euskal Etxea elkarteko kideak ezin izan ziren bileraratu, joan asteburuan beste aktibitate bat zeukatelako euren hirian.
Bilerari dagokionez, aurreko lehenengo Topaketan mahaigaineratutako hainbat gairekin jarraitu zuten patagoniarrek beti ere Argentinako eskualde honetako euskal elkarteen batasun bide bat lortzeko asmoarekin. Euskal Txokoa-ko kideek, esaterako, datorren urte hasieran egingo duten Udalekua aurkeztu zuten. Etorritakoengatik Euskal Etxeko kide den Diana Lleonart Alberdik EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “gure [Patagoniako euskal etxeen] helburua da, nahiz eta fisikoki elkarrengandik oso urrun egon, egoera berean gaudenon arteko loturak sendotzea, ziur gaudelako ahalegin honek emaitza onak ekarriko dizkigula. Hurrengo elkarretaratzearen egoitza aukeratu dugu dagoeneko: Hirugarren Topaketa Neuquen hirian izango da, 2017ko apirilean, Comahueko Euskal Etxea antolatzaile”.
Etxe patagoniarren Euskal afaria
Bisitariei harrerarik onena egite aldera euskal afari bat ere antolatu zuten anfitrioiek. Etorritakoengatik-eko sukaldariek otarrainxka baratxuriarekin eta legatza prestatu zituzten eta horretarako propio Comodoro Rivadaviatik iritsitako 'Euskal Echea' Euskal Etxeko dantza taldeak euskal dantza emanaldia eskaini zien bildutakoei. “Uste dugu aktibitateak eskatzen zuen mailan egon ginela eta horrek poz handia ematen digu. Hori lortzeko, ordea, ezinbestekoa izan da gainerako euskal etxeen laguntza, Comodorokoarena kasu, dantzariak ekarri zituelako. Hiriko bi erakunderi ere skerrak eman nahi dizkiegu: elkarte galestarrari eta elkarte espainiarrari, euren instalazioak uzteagatik”, jakinarazi digu Etorritakoengatik-eko ordezkariak.