Aurrera doa EuskarAbentura: 130 gazte izena emanik, Diasporako gazteeen epea apirilaren 8raino luzatu da
2018/03/28
PUBLIZITATEA
Diasporako gazte euskaldun bat zara? Hala bada, gogora arazten dizugu EuskarAbenturak luzatu egin duela apirilaren 8raino, Iparraldeko eta Diasporako gazteen kasuan, bertan parte hartzeko epea. Ekimenak Euskal Herri osoa zeharkatuko du oinez, motxila bizkarrean, uztailaren 1etik 31era, aukera emanez 120 gazte euskaraduni zazpi probintziak ezagutzeko, tokian tokiko gidariz. Aukera mundiala da geure herriaren ezagutza hobetzeko, lagun berriak egiteko eta sekula ahantziko ez diren oroitzapenak egiteko.
Bilbo, Bizkaia. Antolatzaileek luzatu egin dute Iparraldeko eta Diasporako gazteentzat, izena emateko epea apirilaren 8raino. Partaideak 2000 eta 2003 urteetan jaioak izan behar dute (hemen ere malgutu egin dira Diasporako eta Iparraldekoen baldintzak). Hegoaldeko gazteen kasuan, parte hartzeko epea itxita dago eta dagoeneko 130 gaztek eman dute izena.
Edonola ere, apirilaren 8ko epea gaindituta, eta Eusko Ikaskuntza lankide, selekzio prozesu bati ekingo zaio. Apirilaren 16an plazaratuko da hautatutakoen zerrenda.
Promozio bideoa
EuskarAbentura espedizio ibiltari honetan parte hartuko duten gazteek Euskal Herrian zehar esperientzia anitz biziko dituzte uztailaren 1etik 31ra. Etapa bakoitzaren amaieran askotariko ekintzak egingo dira. Bisitatuko dira besteak beste Iratxeko monastegia, Eunateko eliza, Donemiliaga Kukulako Yusoko monastegia, Añanako Gatzagak, Albaola, Baionako katedrala, Santimamiñe eta Ekainberriko kobazuloak...
Orientazio eta astronomia ikastaroak ere egingo dira eta askotariko hitzaldiak: Asisko Urmenetak historian sakontzeko hitzaldi-ilustratuak eskainiko ditu, Euskal Herriko Laborantza Ganberak nekazal eremuetako egoera hurbilduko du... Ez dira faltako bertso-afariak, proiekzioak ezta bainuak ibai, igerileku, putzu eta itsasoan. Era honetan euskarAbenturalariek bertako geografia, historia, kultura eta errealitate soziolinguistikoa ezagutzeko aukera izango dute.
Honetan guztian hainbat aditu izango dituzte bidalegun, tartean Koldo Colomo Nafarroan, Beñat Garaio eta Ane Pedruzo Araban, Kike Amonarriz Gipuzkoan eta Eneko Gorri Lapurdin.
Honekin batera, espedizioan zehar sormen proiektu bat garatzea proposatuko zaie gazteei; espedizioan zehar bizitakoak eta ikasitakoak jasotzea helburu duen lan bat (antzerkia, performancea... gazteek nahi dutena). Espedizioaren azken gauean “taularatu"ko dute, taldeka, amaierako opari kolektibo gisa. Horretan laguntzeko euskal kulturgintzako talentu handiko gonbidatuek lantegi ezberdinak eskainiko dizkiete: Ander Lipusek ahots-adierazpena emango du, Miren Amurizak eta Odei Barrosok hitzaliteratur sorkuntza, Ximun Fusch-ek eszenografia eta Jon Mayak gorputz-adierazpena.