euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurrera darraite Argentinako Carlos Casares herrian, 'Euskalduna' Euskal Etxearen egoitza eraikitzeko lanek

2011/03/29

Hona Carlos Casaresko 'Euskalduna' Euskal Etxeko kideek erosi zuten lur-puska euren egoitza eraikitzeko (argazkia El Oeste)
Hona Carlos Casaresko 'Euskalduna' Euskal Etxeko kideek erosi zuten lur-puska euren egoitza eraikitzeko (argazkia El Oeste)

PUBLIZITATEA

Piskanaka, apurka, emeki baina beti aurrera eginez segitzen dute Argentinako Carlos Casares herrian, Buenos Aires probintzia barnealdean, bertako 'Euskalduna' Euskal Etxea osatzen duten lagunek euren elkarteari egoitza bat eraikitzearren egiten ari diren ahaleginek. Bazkide eta lagunen helburu garrantzitsua da egoitza eraikitzea, eta badira aurten bertan lortuko dutela diotenak. Argi dagoena da auzolana dela, batek material hau eman, besteak beste material hura merkeago lortu, hirugarrenak dirua ipini edo doan lan egin zati berri bat amaitu ahal izateko. Bertako prentsak, euskaldunez daukaten irudi topikoari eutsiz, euskaldunen alde egiten dute, honela esanez: 'A porfiados no les van a ganar...' (kaskagorkerian ez diete irabaziko...)

Carlos Casares, Argentina. Carlos Casaresko 'Euskalduna' Euskal Etxea 2003ko uztailaren 7an sortu zen Buenos Aires probintzia barnealdeko 20 bat mila biztanleko herri honetan; izan ere hiriburu federaletik 312 kilometro hegoaldera kokatzen den herri honetako euskaldun multzo bat egun horretan bildu eta hautatu baitzuen bere lehenengo Zuzendaritza Batzordea, 50 pertsona bazkide. Egun batzuk geroago, uztailaren 19 eta 20an, egin zuen lehenengo aurkezpen publikoa, probintziako gobernuak urtero antolatzen duen Viva Las Pampas parada, jai eta kabalkadaren baitan, elkarte berriko lehendakaria eta beste zuzendari batzuk ikurriña eta bandera argentinarra eskuetan parte hartu baitzuten kabalda edo desfile horretan.

Urte horretan bertan, abenduan, bere lege-nortasun aitortu zion Buenos Aires Probintziak

Elkarteak bere lehenengo urteurrena ospatu zuenean, 2004ean, 200dik gora lagun bildu zituen, eta urtebetetzea elkarteko abesbatzak kantatutako kantuek edertuta ospatu zuen.

2005eko urte azkenean, Eusko Jaurlaritzak ofizialki onetsi zuen euskal etxe gisa.

Geroztik, aurrera darraite, herrian euskal gizataldearen ordezkari izanik eta halakotzat parte hartzen antolatzen diren hainbat ekitalditan. Zenbait euskal festa tradizional ospatzen dituzte, tartean hasiera-hasieratik lagun izan duten San Fermin. Urteetan zehar hitzaldi-sortak antolatu izan dituzte, pilota partida eta erakustaldiak, erakusketak euskal gaiez, elkarretaratze gastronomikoak, eta abar.

Gaur egun 240 bazkide dituen elkartea da. Euskal Etxeari buruzko elkarrizketa, bertako lehendakari den Ricardo Bassagaisteguy-ri egina joan den larunbatean eman zuen argitara Periódico El Oestek. Irakurri hemen, jatorrizko gaztelaniaz.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia