Urruña, Lapurdi. Euskal Herri osoko 16-17 urteko 130 bat gaztek Maulen uztailaren 1ean zazpi probintziak oinez zeharkatzeko hasitako ekimenak aurrera darrai, asteartean jada muturreko beroak atzean utzi eta abiadura berreskuratzen, nahiz eta hilabete amaieran Getxoko helmugara iristeko oraindik egun batzuk geratzen diren, eguraldia lagun egitekoak, hala espero. Lesakan pare bat eguneko geldialdia amaituta, joan den asteartean Zugarramurditik Amaiur arteko 20 kilometroak egin eta eguerdi aldera Amaiurko Gazteluaren sitioaren 500. urteurrenean bertan ailegatu ziren.
Gaztelu Beltzaren sitioaren 500. urteurrenean, gertakari haien berrikusketa egin zuten Asisko Urmeneta komikigilearen eskutik,monolitoaren aurrean. Talde argazkia ere atera zuten. Loaldi laburra eginda, goizeko 4etan jo zuen iratzargailuak eta,, kontrabandisten antzera, gauaren iluntasunean zeharkatu zuten Nafarroa Garaiaren eta Baxe Nafarroaren arteko muga; gaueko etapa batean, Amaiurtik Bidarraira. Bidarrain bazkaldu eta hitanoari buruzko tailerra egin zuten Ritxi Lizartza euskaltzalearen eskutik eta, egunaren amaieran, trenez mugitu ziren Baionara.
2022ko edizioaren hasiera Maule hiriburu xiberotarrean
Iruñetik Gasteizerako etapa
Osteguna, berriz, Baiona eta Miarritze arteko tarte autobusez egin zuten, eta Miarritzetik oinez iritsi ziren Urruñaraino: 25 kilometro luze Lapurdiko kostaldean. Gaur, ostirala, Urruñan, egun bete-betea daukate: Euroeskualdeko Marie Heguy-Urain ordezkariaren bisita jaso dute, meme tailerra egin dute eta Euskal Irratiak sareak martxan duen ‘Ongi etorri lagun’ irrati jokoan parte hartu dute. Bihar, larunbata, Lezo dute helmuga. Lehenago Hondarribiatik pasatuko dira, eta Urtantak kontzertuan Xabi Solanoren zuzenekoaz gozatuko dute. Eta igandean Donostiara iritsiko dira eta segidako egunetan Urola Kostan murgilduko.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 16-17 urte bitarteko 128 gazte euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera daramatzan oinezko espedizioa da EuskarAbentura. 2018ko eta 2019ko udan izan ziren aurreneko bi edizioak, EuskarAbentura izeneko eta irabazi asmorik gabeko elkarte euskaltzaleak bultzatuta. 2020an, pandemiak galarazi zuen, eta 2021ekoa ere osasun larrialdiak baldintzatu zuen neurri handi batean. Aurten EuskarAbenturak jatorrizko izaera berreskuratu du, eta ibiltaria izaten ari da berriro ere. Hilabetez, uztailaren 1etik 31ra bitarte, Mauletik Getxora arteko bidea osatuko dute 31 etapatan; 700 kilometro baino gehiago orotara, horietako 500 oinez.
Gogora dezagun, Diasporako euskaldunak ere gonbidatuta daudela parte hartzera, eta hala egin dutela aurretik esaterako Argentina eta Estatu Batuetatik. Aurtengoan, baina, ez da inor animatu. Ea datorrenean!
-Facebook https://www.facebook.com/EuskarAbentura
-Twitterren https://twitter.com/EuskarAbentura
-Instagram https://www.instagram.com/euskarabentura