Bartzelona, Katalunia. Irail bukaeran hasi ziren Bartzelonan 2019ko Euskal Herria Sona musika jaialdiko kontzertuak eta urrian, Katalunia bizitzen ari den egoerak bultzatuta eten egin ziren saioak. Ekitaldiko antolatzaile den Bartzelonako Euskal Etxeak oharra atera zuen hau guztia azalduz eta bere sostengua adieraziz elkarrizketa bidezko irtenbideei. Geroztik, bertan behera utzitako kontzertuei data berria ipini eta berreskuratu dira, oraingoan gehienak Euskal Etxearen egoitzan bertan.
Nikotina rap abeslari tolosarrak eta Senyor Oca talde bartzelonarrak azaroaren 9ra pasatu ziren eta gaur bertan, azaroaren 15ean, Eskean Kristo euskal rock taldea eta Barcelona Rock Orchestra taularatuko dira Euskal Etxean; azken honek, rock musikako klasikoen berrirakurketa egingo du musika klasikoaren kutsu eta instrumentuekin.
Datorren astean, berriz, Sidecar aretoan Zea Mays euskal rock banda ikusteko aukera izango da eta biharamunean, azaroaren 23an, Bad Sound taldeak dub eta reggae estiloekin jarriko du dantzan Euskal Etxea, Maluks talde valentziarra lagun. Azaroaren 30ean, Trakamatraka eta Belatz taldeak izango dira entzungai Euskal Etxean: lehenak birziklaturiko objektuak baliatuz egiten du musika, jazz eta afrikar musiken kutsuz; bigarrenak, ostera, rockaren adar gehienak jorratzen ditu.
Amaitzeko, urtarrila aldera (zehazteke) Anita Parker euskal elektroswing taldeak itxiko du aurtengo EH Sona jaialdiaren egitaraua, Euskal Etxean.
Egitarauari eta talde bakoitzari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, hemen duzu informazio osatua.