euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurrenekoz, euskal etxeetako ikasleek HABEren egiaztatze-frogak Buenos Airesen egingo dituzte asteburuan

2012/10/12

Irudian, Euskara Munduan programak Hego Ameriketan egindako azken barnetegietako bateko talde-argazkia (argazkia EuskalKultura.com)
Irudian, Euskara Munduan programak Hego Ameriketan egindako azken barnetegietako bateko talde-argazkia (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Aurten, lehen aldiz, Hegoameriketako euskal etxeetako euskara ikasleek Buenos Airesen bertan egin ahalko dituzte HABEren euskara maila egiaztatze-frogak. Euskara Munduan programaren baitan, HABEk euskal etxeetako ikasleei zuzenduriko azterketak egiten ditu urtean behin; orain arte Madril eta Bartzelonako euskal etxeetakoentzako, gehienbat. 2010ean Parisen ere egin ziren eta aurten, lehendabizikoz, Atlantikoz bestalde egingo dira. Azterketak larunbatean eta igandean egingo dira eta 32 azterketari matrikulatu dira 1., 2. eta 3. mailak egiaztatzeko.

Buenos Aires, Argentina. Bihar eta etzi amerikar euskal etxeetako euskara ikasleek HABEren egiaztatze-frogak egiteko aukera izango dute Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxean. HABEk euskal etxeetako ikasleentzako antolatu du deialdi berezi hau eta 32 azterketari matrikulatu dira, 1., 2. eta 3. mailak egiaztatzeko.

HABEk urtero bi deialdi argitaratzen ditu egiaztatze-frogak arautzeko; ohiko deialdia EAEko ikasleei zuzendua eta ez-ohiko deialdia, euskal etxeetako ikasleei zuzendua. Azken honetara, urtero, Madril eta Bartzelonako ikasleak bildu ohi dira, eta premiaren arabera --azterketari kopuruaren arabera, alegia-- modu puntualean beste euskal etxeren batean ere egin izan dira frogak. Esaterako, orain bi urte Pariseko Euskal Etxean egin ziren.

Aurten, premiak horrela aginduta, Buenos Airesen egingo da froga, eta hau izango da Ameriketan egingo den lehenengo aldia. Euskara Munduan programaren baitan aurrerapauso azpimarragarria dela agertu dio EuskalKultura.com-i HABEren teknikari Kinku Zinkunegik.

Bi argentinar aztertzaile

Zinkunegi gaur bertan heldu da Buenos Airesera froga zuzentzeko. Aztertzaile lanetan bi argentinar ariko dira: Gabriel Arce eta Sabrina Otegui (EuskalKultura.com-en Argentinako berriemailea). Arce eta Otegui  2004an hasi ziren Euskara Munduan-en euskara ikasten eta gaur egun biek EGA edo 3. maila egiaztatua dute. Horrez gain, ondoren sortutako irakasle talde berrietan irakasle aritu dira urtarrileko eta uztaileko barnetegietan.

"2012an, EAEko beste edozein aztertzailek bezalaxe, bateratze-saioetan parte hartu dute eta aztertzaile izendatuak izan dira, azaldu dio EuskalKultura.com-i Zinkunegik. "Azpimarratuko nuke hauen bilakaera, biena, izan ere, Euskara Munduan-en egin nahi dugunaren adierazle/eredurik aproposenak baitira. Programa barru-barrutik ezagutzen dute, beraiek gozatu/nozitu dute prozesu osoa eta orain goi-mailako biderkatzaile bihurtu dira".

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia