Gernika, Bizkaia. Ostegun honetan, ekainaren 22a, Alberto Irigoyen eta Servando Echeverríaren “Gernika Uruguay-n: fruitua zabaltzen” izenburupeko liburua aurkeztuko dute arratsaldeko 7etan Gernikako Euskal Herria Museoan. Alberto Irigoyenek EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, argitalpena Euskal Herria Museoko zuzendari Leire Irazabal Basaberekin batera egindako lanaren da, Bizkaiko Foru Aldundia babesle, eta oso pozik daude lortutako emaitzarekin.
“Gernika en Uruguay: expandiendo el fruto, Gernika Uruguain, fruitua zabaltzen” liburua eremu-ikerketa eta informazio-bilketa luze baten emaitza da, Gernikako Arbolak, bere haziek eta sustraiek, daukaten esanahi eta sinbologia guztiarekin, Uruguaiko euskal komunitatean eragindako eta egun ere segitzen duen eragina bildu nahirik. Liburuaren egileek Uruguaiko departamentu ezberdinetan euskal memoria eta nortasuna bizirik mantentzeko egin diren eta egiten ari diren ekintza ugariak erakutsi nahi izan dituzte.
'Plaza Guernica', 'Plaza España' bihurtu zuten
Alberto Irigoyen historialaria ezaguna euskal diasporan eta Uruguaiko euskal diasporari buruzko hainbat argitalpen egin ditu. Luze zeramatzan Gernikak Uruguain duen presentziari buruzko informazioa biltzen, tartean kaleak, plazak eta parkeak Gernika izenarekin, eta datuak eskuratzen baita ere herrialdeko euskal etxeetako kideek historian zehar Gernikako haritzaren kimuak eskuratzeko agertutako nahiak eta egindako saioak dokumentatzen.
Servando Echeverria Florida departamenduko “Vasconia Florida” euskal taldeko kidea da. Irigoyenek jakin zuen Echeverria bere hiriko 'Guernica' plazaren historia ikertzen ari zela. Tartean topatu zuen, gainera, inauguratu (1945) eta hamarkada batzuetara, etorkin galiziar frankista batek, Espainiako enbaxada lagun, izena aldatzea lortu zuela, eta Plaza España jartzea. Geroago, bere jatorrizko izena berreskuratuko zuen.
Irigoyenek eta Echeverriak topo egin zuten, indarrak eta ahaleginak bildu eta liburu hau horren ondorio da.
Oraingoz Gernikako Euskal Herria Museoan bertan egongo da salgai (30 euro) eta agian Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegiaren bidez.